Erremontea

Urriza finaletik gero eta gertuago, Juanenea gaindituta

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 30a, 00:00

Iruindarrak 30-20 gainditu du saldistarra eta azken jardunaldian nahikoa du puntu bat batu, 24 tanto eginda, buruz-buruko finalera sailkatzeko.

Javier Urrizak aurrera pauso haundi eman du Kutxabank Torneoko finalera sailkatzeko Aritz Juaneneari 30-20 irabazi eta gero. Garailea, beti bezala sendo aritu zen eta zortzi puntu ditu finalerdietako ligaxkaren sailkapenean. Bere hirugarren eta azken partiduan nahikoa luke 24 tanto egitea finalean egoteko eta agian hori ere ez du beharrezkoa izango.
Juaneneak, lau punturekin, finalerdietan egoteko aukera guztiak ditu oraindik. Atzo ez zuen bakarra lortu baina Endikaren kontra azkenengo partiduan erabakiko da sailkapena.
Atzo maila haundiko partidua ikusi zen. Hasieran oso berdindua eta 20-19ra arte Juaneneak oso zail jarri zizkion gauzak Urrizari. Honek, bere esperientzia eta sendotasuna baliatu zituen hamar eta bateko partzial batekin partidua erabakitzeko. 
Akats gutxi egin zituzten bi erremontistek, sei bien artean, eta bikain aritu ziren peloteoan. Agian jokaldi gehiago falta izan ziren, Juanenearen aldetik batez ere. Urrizari irabazteko arriskuak hartu behar dira nahita nahiez eta bi pareteko bi jokaldi eder egin arren motz geratu zen arlo horretan saldistarra. Hurrengorako seguru ikasi duela txapeldun haundiaren aurka nola jokatu. 

Antiguako finalak bertan-behera geratu ziren 
Bestetik, Antiguako Pilota Txapelketako finalak atzo bertan-behera geratu ziren euriaren ondorioz. Finalak atzeratu ziren eguraldiak eta kantxaren egoerak bultzatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!