Babestutako edukia

Herritar guztien artean gainditu beharreko erronka

Berriak elkartea 2020ko abu. 29a, 00:00

Azken hilabete hauek gogorrak ari dira izaten herritar guztiontzat. Ostalari zein komertzioei zuzendutako segurtasun eta higiene neurriak ezarri dira. Eta horrekin batera, herrian kontsumitzeko eta zerbitzuak jasotzeko modua ere aldatu egin da. Maskarillaren erabilera derrigorrezkoa, gel desinfektantea eman behar izatea komertzioetara sartzeko eta bertatik irteteko, edota tabernan kafea hartu ahal izateko mahaia desinfektatzeko itxaron behar izatea… dena aldatu da hilabete gutxitan.
Hala ere, ostalari eta dendariek esfortzua haundia egiten duten egunero herritarrei zerbitzua eskaintzen jarraitzeko eta uneoro aldatzen diren prebentzio neurri guztiak behar bezala betetzeko. Horregatik, normaltasunera itzultzen ari garen momentu honetan, garrantzitsua da herriko komertzioari bultzada ematen jarraitzea eta beraien egoera ulertzea.
Pandemiak eskatzen dituen bete beharreko arauak ez dituzte herriko komertzioetako langileek ezarri. Alderantziz, gizarte osoari eragin dion osasun egoera da hau. Tabernetan, jatetxeetan, dendetan edota herriko komertzioetan jarri diren segurtasun neurriak pandemiak eskatu dituenak dira.
Horregatik, beraiek ez dira osasun egoerak eskatzen dituen bete beharreko neurrien erantzule. Komertzioek beraien lana egiten jarraitu nahi dute eta herritarrei arreta eskaintzen jarraitu.
Baina horretarako, hernaniarren laguntza behar dute, guztion arten gainditu beharreko erronka delako hau. Kontzientzia lan horrek etxean hasi behar du, eta ondoren kalean aplikatu behar dugu.  Gure jarreren erantzule izanda, kontsumo arduratsua egiten jarraitzeko unea da orain.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!