Gertaera

Gizon bat zauritu zuten arma txuriarekin, eta ospitalean dago

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 29a, 00:00

Asteazken arratsaldean izan zen, eta Ertzaina ikerketa lanetan ari da. 37 urteko gizona larriki zauritu zuten labankada batez, Gartzia Goldarazen. 

Joan den asteazken arratsaldean Hernanin Udaltzaingoak eta Ertzainek larrialdi deia jaso zuten. 37 urteko gizon bat larriki zauritu zuten Gartzia Goldaraz kalean, Korreos inguruan, 20:00ak aldera. Labankada bat jaso zuen, biriketan. Berehala deitu zuten 112 larrialdietako telefono zenbakira, eta zauritua Donostiako Ospitalera trasladatu zuten anbulantzian.
Gizona Zainketa Intentsiboetako Uni­tatean dago orain, labankadak eragindako zaurietatik sendatzen.  Biktimak salaketa jarri badu ere, momentuz ez dago inor atxilotuta. Hala ere, Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da.
Biktima babestera gizon bat gerturatu zen
Zaurituaren gertuko familiako kide batek jakitera eman duenez, biktima atakatua izan zen momentuan herritar bat gerturatu zen laguntza ematera. Erasotzaileek hura ere atakatzen saiatu ziren, eta labankada jaso zuen esku batean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!