Kultura

«Konturatu behar dute aukera dagoela emanaldiak egiteko»

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 28a, 00:00

Pello Gorrotxategi Kronikarako elkarrizketan

Ikuskizunetako eta ekitaldietako langileek manifestazioa egin zuten larunbatean. «Pandemia garaian konturatu gara benetan ikustezinak garela», dio Gorrotxategik. 

Pandemiaren ostean ikuskizunetako eta ekitaldietako langileen egoerak okerrera egin duela ikusita, Teknikariok sindikatua sortu zuten EAEko sektoreko langileek. Eta «alarma egoeran» jarraitzen dutela salatzeko, joan den larunbatean manifestazioa egin zuten Bilbon. Abuztuaren 8an ere egin zen agerraldia Donostian, arrazoi beragatik. 

Pello Gorrotxategi  Oiarzabal ofizioz musikari eta soinu teknikaria da, eta musikaria ere bai. Kronikak berarekin hitz egiteko aukera izan du, eta sektoreak bizi duen egoeraren berri eman du. 

Hilabete zailak ari dira izaten, sektoreko langileentzat

Udaran dute lan karga haundiena soinu eta argi teknikariek, eta aurtengo ia ekitaldi guztiak bertan behera geratu dira. «Sektorean lan egiten dugun langileen egoera oso zaila da orain, orokorrean. Herri batzuetan, kon­pentsazio moduan edo, ekitaldiak egin dituzte eta beno, hor lan pixka bat egon da. Baina ezagutzen dut lanik egin ez duenik, eta oso gaizki ari dira pasatzen», azaldu du Gorrotxategik.


«Niretzat situazio okerrenean dauden langileak dira aldizkakotasun egoeran daudenak. Udaran lan gehien egiten dutelako, alta ematen dira udaran. Eta gero, urrian, baja hartzen dute apirilerarte. Horregatik,  Koronabirusa hasi zenean eta guzti honek eztanda egin zuenean jende asko bajan zegoen eta diru-laguntzarik ez dute jaso». Horregatik sortu da Teknikariok sindikatua, dio.

Eta ezartuta dauden neurriak betetzeko, Gorrotxategik azaldu du zaila dela partikular batek emanaldi bat antolatzea «Kontzertu bat ikusteko, maskarillarekin ere, bi metrotako segurtasun distantzia mantendu behar da. Horrela, aforoa asko murriztu behar da. Orduan, teknikari partikular batek nola antolatuko du emanaldi bat? Sarrerak oso garesti saldu beharko lirateke, eta ezinezkoa da». 


Gainera, Koronabirusa arrazoi, murrizketak egin behar izan dira zenbait arlotan eta suspenditu egin dira aurretik programatuta zeuden kultura emanaldi asko. «Lehenbizikoak izan ginen gelditzen, eta azkenekoak izango gara martxan jartzen. Gainera, jendeak pentsatzen du: bizi dugun egoera nola gastatuko dugu dirua emanaldi bat egiten?», kontatu du soinu teknikariak.

Pandemiaren aurretik ere, lan baldintzak ez ziren errazak

Koronabirusak eragindako pan­de­miak ikuskizunetako eta eki­taldietako langileen egoera o­kertu du, baina aurretik ere  ez ze­uden situazio onenean. «Lan bal­dintzen barruan okerrena ez da lan ordu asko izatea; hori bagenekien aurretik. Nire ustetan okerrena da enpresetan lan egiten duten teknikarientzat ez dagoela konbenio bat. Hau da, ez dago estipulatuta zenbat diru irabaziko duten orduko, adibidez. Orduan, baliteke enpresa batean teknikari batek orduko 6 euro kobratzea eta beste batek 15. Ez dago ezer zehaztuta eta oso ezberdina da. Batzuek lan baldintza duinak dituzte eta beste batzuek, aldiz, ez».

Horregatik dio Gorrotxategik, pandemiaren aurretik ere egoera zaila zela sektoreko langileentzat. «Teknikari batek udan egin behar badu urte osoko lana eta baldintza duinik ez badu hilabete horietan, argi dago egoera zaila izango duela».

Hala ere, badirudi Teknikariok sindikatuen mezuak oihartzuna izan duela. «Eusko Jaurlaritzako kideak eta Teknikarion bozeramaileak datorren astean bilduko dira, gaiaren inguruan hitz egiteko», azaldu du Ereñotzukoak. Sindikatu barruan dago Gorrotxategi: «Mugimendu honekin teknikarion egoera ulertzea eskatzen dugu. Lanean gaudenona, diru-laguntzen aldetik, baina baita ere aldizkotasuneko egoera hori duten langileena ere. Eta ordu minimo batzuk zehaztea eta baldintzak estipulatuta egotea ere nahi dugu».

«Berriro gelditzea arazo haundi bat izango litzateke»

Udaran egin diren emanaldiekin ikusi da posible dela kultura  ekitaldiak antolatzea eta kulturarekin gozatzen jarraitu daitekeela. Hori da, hein batean, herria girotu eta xarmaz betetzen duena: kultura. «Egindako antzerki, ikuskizun eta kontzertuetan segurtasun eta higiene neurriak mantendu dira, inoiz baino zorrotzago», dio Gorrotxategik. Horregatik, pixkanaka berriro ere martxan jartzea espero dute teknikariek. Egoera zaila bada ere, aurrera egitea da beraien nahia. Berriro ere geldialdi bat izanez gero, egoera asko okertuko litzatekeela onartu du teknikariak.

Etorkizuna ezjakina da herritar guztiontzat, baina kultura bizirik mantentzea nahi badugu, ikuskizunetako eta ekitaldietako langileen egoerak hobera egin beharko du, beraiek lanik gabe ezinezkoa delako antzerki, kontzertu edo bestelako emanaldirik antolatzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!