Uda Hernanin

'Basoa' dantza emanaldiak itxiko du Atsegindegin, gaur, erantzun ona izan duen Uda Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 28a, 00:00

Ikuskizuna, arratsaldeko 20:00etan, hasiko da eta Dantza Konpainiak aurkeztuko du.

Gauza guztiek dute amaiera eta  Uda Hernanin programa ere gaur iritsiko da bukaerara. Egitarauarekin amaitzeko, Basoa dantza emanaldia eskainiko du Dantzaz Konpainiak, gaur, 20:00etatik aurrera, Atsegindegin. Uda kulturala izan da Hernanin, izan ere, egitarauaren barruan antolatu diren jarduerekin, uztaileko eta abuztuko hilabeteetan ikuskizun eta emanaldi kultural ugarirekin gozatzeko aukera izan dute herritarrek. 

Antolatu diren gainerako ekitaldien modura, Udalak gogorarazi du ekitaldiak doakoak direla, baina aldez aurretik gonbidapena eskuratu behar dela Biterin, 09:00etatik 14:00etara bitartean. Lekua gelditzen bada sartu daitezke bertara hurbiltzen direnak.

«Basoa: gune magikoa eta era berean beldurgarria»

Horrela definitzen dute emanaldiko gai nagusia, eta deskribapen sakona egin dute: «Gune magikoa da, baita beldurgarria ere. Historia garaikideko erreferentziazko gune bat estali nahi izan duena be­zalakoa. Errefuxiatu gunea, kon­tzentra­zio esparrua... Gurs, milaka pertsona bildu eta pilatu zuen lekua, ehundaka pertsona hil ziren lekua. Guregandik oso hurbil dagoen leku bat, historian hain urrun ez dagoena».

Pertseidak ikusteko eguna atzeratu egin da, berriro ere

Abuztuaren 12tik 13rako gauean egingo zen pertseida behaketa jarduera atzeratu egin zen  Chillida-lekun, arrazoi meteorologikoengatik. Udalak jakinarazi du berriro ere atzeratu dutela, arrazoi beragatik. Irailaren 25etik 26rako gaua proposatu dute. «Gau hau Ilargia, Jupiter eta Saturno elkarrekin ikusteko aukera ezin hobea izango da. Honetaz gain, Marte ekialdetik eta Andromeda Galaxia ere ikusi ahal izango dira», azaldu dute. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!