Urtero bezala, Biteri kultur etxeak ikastaroen eskaintza zabala ekarriko du ikasturtearen hasierarekin batera. 31 ikastaro eskainiko dira, 25 helduentzat eta sei hau eta gazteentzat.
Askotariko ikastaroak egongo dira aukeran. Sormena lantzeko helburua dutenak, hala nola, pintura, marrazketa, egur taila, zeramika, altzarien zaharberritzea eta eskulanak. Gorputz espresioari lotutakoak ere izango dira ikasturte honetan: yoga, antzerkia, dantza garaikidea, dantza latinoak, hip hop eta tai chi kung. Eta bestelakoak: patchwork, joskintza eta patroigintza eta argazkilaritza.
Covid-19 dela eta, 2-3 eta 4-5 urteko haurrei eskainitako «Sormena, emozioa eta giza trebetasunak lantzeko tailerrak» bertan behera geratu dira. Egoeraren bilakaeraren arabera baliteke adin tarte horri zuzendutako eskaintza aurrerago egitea.
Plazak baino izen-emate gehiago badago zozketa
Ikastaroetan parte hartu nahi izatekotan, aldez aurretik izena eman behar da. Horretarako parada egongo da irailaren 1etik 8ra bitartean. Kultur etxean bertan eta, aurten, lehen aldiz, interneten bidez, web.hernani.eus/kultura edo www.hernani.eus helbideetan.
Presentzialki, Biteri kultur etxean, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara egin behar da.
Izen emate kopuruak ikastaroaren plaza kopurua gainditzen badu, zozketa egingo da. Plaza lortzen dutenek matrikula egin beharko dute irailaren 10etik 18ra bitartean.
Ikasturtearen hasiera urriaren 1ean izango da. COVID-19a dela eta, segurtasun neurri bereziak ezarri dira ikastaro guztietan: besteak beste, plaza kopurua murriztu da, distantziak bermatu ahal izan daitezen, maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da eta sarreran tenperatura hartuko zaie parte-hartzaile guztiei.