Arrauna

Tolosaldeako hernaniarren zortzigarren bandera, Getxon

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 25a, 00:00

Donostiarrak gertu izan zuen bigarren garaipena.

ETE Ligan hamar bandera jokatu dira eta bi ikurriñek bakarrik egin diete ihes. 

Arraun denboraldia amaitzeko hiru aste besterik ez dira geratzen eta askorentzat bi asteburu. Une erabakiorrean ari da sartzen denboraldia eta orain arte ezin arrakastatsuago izaten ari da Tolosaldea traineruarentzat. Hamar bandera jokatu dira eta zortzi ikurriña irabazi dituzte. Azkenengo biak pasa berri den asteburuan, Getxon. 
Euskotren Ligara igoera jokatuko dute eta traineruaren parte dira Itxaso Aranburu eta Eider Barba hernaniarrak. Ihes egin dieten bi banderak asteburu berdinean galdu zituzten eta Hibaikako neskek kendu zieten horietako bat. Bertan daude Hernaniko hainbat aurraunlari eta asteburu honetan bigarren eta hirugarren sailkatu dira. Sailkapen nagusian bigarren daude.  
San Juanen, arraunean dabiltzan hernaniarrak ez dute astebururik onena izan, zazpigarren eta bederatzigarren geratuz. Hasierako mailan ez dabiltza sanjuandarrak. 


Donostiarra Sestaoko Bandera irabaztetik oso gertu
Eusko Label Ligan Donostiarrak oso gertu izan zuen garaipena igandean Portugaleteko uretan. Xabat Pastor hernaniarra tostetan zegoen eta garaipenetik segundo bakarrera geratu ziren Sestaoko Banderan. Azken metroetara arte Hondarribiaren aurretik ziren, baina hauek erreferentziak zituzten eta aurretik sartu ziren. 
Azken jardunaldietan ez zuten zorte haundirik izan donostiarrek, baina igandean estropada bikaina egin zuten eta bigarren bandera eskura eduki zuten. Gutxienez larunbateko arantza ateratzea lortu zuten. Orain sailkapen nagusian seigarren daude kokatuta eta lau jardunaldi falta dira TKE Liga amaitzeko.

Kontxako sailkapenari begira
TKE-Eusko Label Liga amaitzeko lau jardunaldi geratzen dira eta KAE eta ETE Ligak amaitzeko bi. Asteburu honetan hiru ligen bi jardunaldi jokatuko dira, baina talde denak Kontxari begira jarri dira. 
Irailaren 2an, asteazkenean, nesken sailkapen estropada jokatuko da eta Tolosaldea eta Hibaikako neskek sailkatzeko aukerak dituzte. 
Mutilen sailkapen estropada, irailaren 3an, ostegunean izango da. Donostiarrak ez du partehartzen. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!