Futbola

Gorka Kijera da Real Unioneko fitxaje berria

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 24a, 00:00

Duela 8 denboraldi izan zen Kijera Irungo taldean, eta datozen bietarako behintzat bertan geratzeko apustua egin du.

Real Unionek ofizial egin zuen asteburuan Gorka Kijeraren fitxaketa hurrengo bi denboraldietarako. Mirandesen jokatzen zuen aurretik, eta taldeko kapitaina zen hernaniarra. Hala ere,  Miranda de Ebrori agur esan behar izan dio, eta  datozen bi denboraldientzat behintzat, Real Unionen arituko da Kijera.

Momentu ahaztezinak bizi zituen hernaniarrak Mirandes taldean.   Izan ere, futbolaren mun­duan, protagonista nagusietako bat izan zen Mirandes, aurtengo otsaila aldera.  Bigarren mailako talde honek lehenengo mailako talde haundiak txiki bihurtu zituen, eta Kopako semifinalera iritsi zen, Anoetan jokatuta. Kijera bertan izan zen, ezker hegala defendatuz.

Bazituen eskaintza gehiago

Hernaniarrak Bigarren Mailako kluben eskaintzaren bat ere bazuen, Real Unionekoaz gain. Hala ere, 2012/13 denboraldian bertan izan zen, eta talde hau  berriro ere defendatzeko apustua egin du. Azken fitxaketa honekin, Real Unionek 21 jokalari ditu jada plantillan.

Aurreko denboraldian 37 partida jokatu zituen; 31 ligan eta sei Kopan. Mirandesen jokalari garrantzitsuenetako bat izan da hernaniarra. Zelai barruan zein kanpoan kapitain eredugarria eta talde barruan zein zaletuen artean  oso maitatua izan da

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!