Ospakizun xumeen abagunea

Erotikan Plax! 2020ko abu. 22a, 00:00

Ate sinbolikoak zeharkatzen

Gure existentzia eta harreman afektiboak aktualizatuta mantentzea garrantzitsua da, are gehiago, testuinguru aldakor eta ezjakin honen aurrean.

Gertakari berriak asimilatu, eta egoera ez-ohikoetara egokitzen joateko ospakizun apalak bideratzea, arnasbidea ekar dezake guztia nahaspilatu baino lehen.
Indibidualki, bikotearekin, lagun batzuekin, etxekoekin... orain izan daiteke unea ospakizun xume baina esanguratsuei tartea egiteko. Aurreragorako uzteak, mugarri garrantzitsu bat ezartzeko aukera galtzea ekar dezake.
Gure bizimoduak aldaketak jasan baditu, bidean galdutako plazerrak, pribilejioak, harremanak, konfiantza edota baliabideak atzean uzten ditugula onartu eta bizimodu berri edo arrotz bati atea irekitzeko unea izan daiteke.
Bizitzak aukera berriak eta oparotasuna ekarri baldin badizkigu, omenaldi apal baten bidez, horixe partekatu, eskertu eta balioan jar dezakegu.
Bizitzari heltzeko, lorpenei eta galerei leku sinbolikoa egitea beharrezkoa dugu: harremanei aitorpenak egitea idatziz edo aurrez-aurre, etxeak eta lantokiak txukuntzea, bakarka edo konpainian negar egitea, guretzat bereziak eta eskuragarri diren lekuak berriro bixitatzea...

Indibidualki, bikotearekin, lagun batzuekin, etxekoekin... orain izan daiteke unea ospakizun xume baina esanguratsuei tartea egiteko.

Bizitzako etapa batetik beste batera iragateko balioko diguten ate edo ikurrak sortzearekin, bizitzak ekar diezazkiguken bizipen positiboei ere ongietorria ematen diegu. Esker onez bizitzeko aukera irekitzera hel gaitezke, lortu nahi ditugun ametsen bidea zeharkatzeko ausardia batu, lorpen txikiak gozatzeko patxara hartu, edo/eta bidean galdutakoak sortu digun mina oroimen gozoetan transformatu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!