Barrenetxea IV.ak gaur hasiko du txapelaren defentsa

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 22a, 00:00

Barrenetxeak gaur hasiko du pasa den urteko txapelaren defentsa.

Kutxabank Torneoko finalerdietako ligaxkaren lehenengo partidua jokatuko dute atzelari hernaniarrak eta Juanenea aurrelariak.

Kutxabank Torneoa faserik erabakiorrenetakoan sartuko da gaur finalerdietako ligaxkaren hasierarekin. Galarretako jaialdia 16:00etan hasiko da eta bigarren partiduan buruz burukoaren partidua jokatuko dute Endika Barrenetxea eta Aritz Juaneneak.
Ligaxka honetan lau erremontistak hartzen dute parte; Barrenetxea IV, Urriza, Endika eta Juaneneak. Lehendabiziko sailkatua finalera sailkatuko da zuzenean eta bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdia jokatu beharko dute, bigarren finalista erabakitzeko.
Sailkapena puntuen arabera izango da. Garaipenak lau puntu gehitzen ditu, 27-29 tantoan geratzeak bi, 24-26 tanto eginda puntua lortzen da, 17-23 tanto artean ez da punturik batzen eta 17 baino tanto gutxiago egiten badira puntua kentzen da sailkapenetik.
Barrenetxea atzelari hernaniarra txapeldun irten zen 2019an eta beraz, gaur hasiko du txapela garrantzitsuenaren defentsa. Ez da erraza izango txapela errepikatzea aurkari gogorrak dituelako, batez ere Javier Urriza aurrelaria.
Hala ere, bere defentsa ez du hasiko Urrizaren aurka, baizik eta Juanenea saldistarra izango da bere lehendabiziko arerioa. Aurrelari nafarra txapelketa ederra ari da egiten eta ez da partidu erraza izango.

Juanenea jotzailea, arriskutsua eta sasoi betean
Juaneneak bost partidu jokatu eta irabazi ditu aurtengo Kutxabank Torneoan eta gainera partidu denak irabazi ditu erraz. Orain exijentzia maila igo egingo da, baina edozeini arazoak emateko gai dela erakutsi du Saldiaskoak. Barrenetxeak kontuz ibili beharko du peloteoan ahulgune gutxi bait ditu. Jotzailea da, tantoa badaki amaitzen eta defentsan asko hobetu du.
Aurreko jokoa saihestu beharko du atzelari hernaniarrak. Sakean ere ongi ibili beharko du Juanenea errestoan oso ongi ari da eta. Bere ahulgune nagusia agian sakea izan daiteke. 

Goikoetxea ere gainditu zuen ostegunean
Ostegunean lortu zuen partidu honetara sailkapena. Juaneneak 20 tanto behar zituen Kutxabank Torneoko finalerdietako ligaxkara pasatzeko eta 20 tanto egiteaz gain, berriro irabazi zuen. Oraingoan 30-24 gailendu zaio Goikoetxea V.ari final-laurdenetako ligaxkako hirugarren partidan eta 8 puntu lortu ditu bere bi partidak irabazita. Atarikoak gehituz gero, Saldiaskoak bost garaipeneko txapelketa bikaina eta porrota ezagutu gabe darama.
Juanenearen garaipena ez zen erosoa izan eta Goikoetxeak gauzak zaildu zizkion. Agian Saldiaskoa ez zen kantxaratu beste partidu batzuetako tentsioarekin eta hori nabaritu egin zen partiduan zehar.
Norgehiagokak ez zuen peloteo askorik izan eta bi aurrelariek azkar bukatu zituzten tantoak. Hor egin zuen tanto gehien Juaneneak eta markagailua desorekatu zuen.
Markagailuak 21-20koa erakusten zuen eta jarraian sei eta biko partzialarekin bost tantoren aldea hartu zuen, 27-22. Hor erabaki zen partidua. Juaneneak sei tantoko aldea hartu zuen, 11-5, baina Goikoetxea bi tantora jarri zen, 15-13 eta 18-16, eta emozioak gora egin zuen 21- 20koan. Aipaturiko 27-22koa eta gero, 30-24 irabazi zuen Juaneneak. Goikoetxeak arazoak jarri zizkion Juaneneari eta arerio zaila duela argi geratu zen.
Juaneneak merezimendu osoz egin du aurrera kanporaketan eta ligaxkako sailkapenaren buruan Juanenea geratu da zortzi punturekin, Ansa II.ak lau punturekin jarraitu dio eta Goikoetxeak puntu bakarrarekin itxi zuen sailkapena. Lehenengoa bakarrik sailkatzen zen hurrengo fasera.

Zubiri goizuetarra, gaur binakako estelarrean
Gaurko jaialdian Zubiri atzelari goizuetarra ere protagonista izango da hirugarren partiduan. Binakako estelarra izango da eta Ansarekin batera ariko da Urriza eta Labakaren aurka. Ostegunean eta aurreko astean garaipen bikaina lortu zituen Zubirik eta sasoi betean dagoela erakutsi zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!