San Joan txikirik ez baina urtea ongi ari dira apobetxatzen auzotarrak

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 22a, 00:00

Itxas-Buru sagardotegian egin zuten aurten urteroko sagardotegi zita.

Urte hasieran, Gabonen bueltan, hainbat ekitaldi antolatu ziren eta gero ere ibilaldiak, irteerak eta sagardotegia ere antolatu dituzte bizilagunek.

San Joan txiki festarik gabe, baina denbora ez dute galtzen Portu auzoan. 2020 urte berezi honetan Auzo Elkartekoak ez dira geldirik egon eta ekitaldi desberdinak antolatu dituzte urte hasieratik.
Gabonetan egitarau zabala antolatzen dute eta urtea erroskilen tailerrarekin eta Santa Barbarara egindako ibilaldi batekin hasi zuten. Umeak eta familiak izan ziren protagonista hasierako ekitaldi horietan, baina otsailean helduen txanda etorri zen. Urteroko ohiturari jarraituz, txotx egiteko jarri zuten hitzordua eta Itxas-Buru sagardotegian izan ziren 50 bat auzotar, giro ederrean.
Martxoa elurraren hilabetea izaten da eta aurten Izabara egin zen irteera, pandemia madarikatua etorri aurretik, astebete lehenago. Gero denak etxean sartuta konfinamendua iritsi zen eta balkoiko ekitaldien ordua. Pintxopotea, bingoa, margolanak, kaldereroak... denetarik egin zuten eta Hernaniko Musika Bandak ere uda iritsi zenean egin zien bisita.
Uztailean, festarik ez zela egingo jakinda umeentzako kultur ekitaldiak antolatu dira. Honela, Ehiztaria ehizatua antzerkiak eman zion bukaera uztailari eta abuztuan Sarini zirkuaren txanda izan zen, eta grabitatearen lege guztiak apurtu zituen ekilibrio ikusgarrienekin.

Izabara ere joan dira elurretan ibiltzera Portu Auzoko familiak.
 
Erroskila tailerrak arrakasta izaten du urtero txikienekin.
 
Ibilaldietako bat Santa Barbarara egin dute.
 
Udaran Sarini ekilibristaren ikuskizuna egon berri da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!