Portu auzoko festak

«Aurten gehiago genuen galtzeko, irabazteko baino eta horregatik ez da ezer ere ez antolatu»

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 22a, 00:00

Julen Lekuona zaletua da antolatzen dituzten asto karreretara.

«Umeentzako ekitaldiak antolatzea pentsatu genuen, baina Ordizian uztailean gertatutako brotea eta gero bertan behera utzi genuen» dio Julen Lekuona Jai Batzordeko kideak.

Portu auzoko jairik ez da aurten izango. Abuztuko azken asteburuan ziren egitekoak, urtero bezala, baina Koronabirusak sortutako pandemiaren eraginez bertan behera uztea erabaki zuen Jai Batzordeak. Bertako partaide da Julen Lekuona duela 30 urtetik eta pena haundia hartu dute.

Noiz erabaki zenuten festak bertan behera uztea?
Egia esa, batzuk ez geunden festak antolatzeko prest, beno festak kakotx artean. Bagenekien ez zirela beste urteetakoak bezala izango. Asmoa genuen eguneko gauzak egitea. Txozna ezin genuen jarri, berbena ere ez... baina umeentzako gauzak eta ekintzak pentsatuak genituen egun batez antolatzea. Hala ere, Ordizian uztailean gertatu zen brotearen ondorioz, gure pentsakera guztiz aldatu genuen. 

Aurten leku gehienetan fes­tak bertan behera ari ziren geratzen eta guk ere dena suspenditzea erabaki genuen uztailaren erdialdean. Beraz, aurten ez da San Joan Txiki festarik egongo, Portu Auzoan, abuztuko azken asteburuan. Planteatu zen puzgarriak ekartzea, baina beraiek ere ez dira lanean ari.

Izugarri kaltetu die pandemiak. Antolatzea oso zaila da beraientzat, ume kopuru mugatua da, txanda bakoitzeko desinfektatu behar dute...  behin Ordiziko berria atera zenean ideia guztiz aldatu genuen.

 

«Auzoan oraindik jende heldu asko bizi da, zorionez, eta zaindu egin behar ditugu»

 

Gutxienez udaran zehar  ekitaldi kulturalak antolatu dira auzoan familientzako
Horretan Alfredo Moraza aritzen da, kultur ekitaldiak antolatzen, eta esan zigun zerbait egingo zuela eta egin dira bizpahiru ekitaldi. Arrakasta haundiarekin gainera. 

Pena horrenbeste urte eta gero aurten ezin antolatu izana
30 urte bai urtero antolatu ditugula. 15-16 urte genituenetik koadrila hasi zen Portuko jaiak antolatzen. Festak egongo balira asto karrerak egongo zirela ere badaukagu esatea. Nola edo hala antolatzea pentsatzen genuen. Gure aiton-amonek gerra garaian antolatu zituzten eta guk birus honegatik ez dugu egingo? galdetzen genuen. Ba begira, azkenean gerrak geratu ez zuena Koronabirusak geratu du. Bi edo hiru asto karrerekin temati egon gara, buru gogor. Urte batzutan festen programatik kanpora antolatu ziren, baina beti egon dira. Baina azkenean ezingo da eta auzotar askori pena haundia ematen dio, askori gustatzen zaizkigu. 

30 urte eta gero beraz festarik gabe
Pentsa, orduan diru kontuak ezin genituen eraman adingabeak ginelako eta koadrilako bat hiru urte zaharragoa da eta berak eramaten zituen. Guk 15 urte genituen.

Auzotarrentzako bakarrik ez, Hernanirentzako ere erreferentzia dira Portuko jaiak
San Joanak, San Joanak dira eta Portukoak gure San Joan txikiak. Zerbaitengatik dira horrela. Udara bukaeran izaten dira eta jendea oporretatik itzuli da. Erraza da herritik Portura jaistea kotxea hartu gabe. Horrenbeste urtetan etenik gabe antolatu izanak erreferentzia bihurtu du festa hau. Auzo mailan pena haundia dago, baina esan diguten bezala gaur egun gehiago genuen galtzeko, irabazteko baino. 

 

«Gure amon-aitonek asto karrerak gerra garaian ere antolatu zituzten eta aurten ez dira egongo»

 

Zuek errespontsabilitatearen aldeko apustua egin duzue
Horrela da.  Zorionez auzoan oraindik heldu asko bizi da eta zaindu egin behar ditugu. Konfinamenduko egunik politena niretzako izan zen kalera irteten utzi ziguten lehenengo egunean jende heldua kalera irteten ikustea. Ongi zeudela ikusteak poz asko eman zigun eta hori mantendu behar dugu. Urte bete zain egon behar bada osasuna mantentzeko egongo gara. Penaz, baina pasako da eta berriz ere ospatuko ditugu eta antolatuko ditugu Portu auzoko festak.

Eta antolaketan jarraitzeko gogotsu?
Bai, bai. Pasa den urtean lortu genuen jende berria sartzea antolakuntzan edo Jai Batzordean. Lehen beti bost egoten ziren eta erabaki genuen lanak banatu behar genituela. Arazorik ez dugu edukiko jarraitzeko. Denen artean eramangarriagoa da, errazagoa eta gogo haundiekin hartuko dugu 2021eko festen antolaketa.  

 

«San Joan Txikiak herri guztian dira erreferentzia eta datorren urtean antolatuko ditugu»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!