Uda Hernanin

Uda Hernanin programazioaren barruan, 'Tonbola' antzerki emanaldia eta Izpigramen tailerra asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 19a, 00:00

Haur eta helduak Nagore Legarretaren 'Argiaren bila' Izpigramen tailerrean, Chillida-Lekun.

Uda Hernanin 2020 programazioaren barruan, ostiralean Hika teatroaren antzerkia izango da 20:00etan Atsegindegin. Eta larunbatean, familiei zuzendutako 'Argiaren bila' izpigramen tailerra izango da Chillida-Lekun, 11:00etan.

Asteburu honetan ez da aspertzeko unerik izango Hernanin. Izan ere, kultur programazio zabala antolatu dute ostiral eta larunbaterako, Uda Hernanin 2020 programazioaren barruan. Ostiral honetan, Hika Teatroak bere azken lana aurkeztuko du Atsegindegi plazan 20:00etatik aurrera: Tonbola. 

Ikuskizun honen bidez, Bizitza tonbola bat da kontzeptua landu du antzerki taldeak. «Zure bizitza desastre hutsa bada ere, zaude lasai, gainontzekoena hutsaren hurrengoa baita. Tonbola honek onerako edo txarrerako, zaren hori ez, beste norbait izateko aukera emango dizu. Zorteak erabakiko du zuregatik. Tonbola ikuskizunak txikitzen ari garen munduaz satira garratza egin nahi du», adierazi dute Hika teatrokoek.

«Bizitza tonbola bat da, eta guk zurea hankaz gora jarriko dugu. Ez zaigu inporta nor zaren, zer zaren, ezta sikiera zer izan nahi duzun. Utzi Tonbola honi zuregatik erabakitzen», di­ote. Ostiralean oholtza gainean izango dira, besteak beste, Miren Gojenola, Eneko Gil, Iñigo Aranburu eta Sandra Fernández Agirre aktoreak.

Sarrerak aurretik hartu behar dira, Biterin
Udalak jakinarazi du Uda Hernanin programazioko ekitaldiak doakoak direla. Hala ere,  gonbidapena aldez aurretik eskuratu behar da Biterin. Ositraleko antzerkia 20:00etan hasi­ko da eta edukiera mugatua i­zango da. Beraz, emanaladi honetarako ere, gonbidapenak aldez aurretik hartu behar dira  Biterin, 09:00etatik 14:00etara bitartean.

Familien txanda, larunbatean
Antzerkiarekin batera, familiei zuzendutako jarduera izango da Chillida-Leku museoan, larun­batean, goizeko 11:00etatik aurrera. Argiaren bila Izpigramen tailerra izango da, Nagore Legarreta argazkilari hernaniarrarekin. Bertan «Eduardo Chillidaren eskulturek argiarekin duten harremanaz jabetzeko eta esperimentatzeko» aukera izango da. 

Familiei zuzendutako egitekoa da, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat.  Sarrerak 6 euroren truke daude salgai Biterin.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!