IÑAKI IRADI GARMENDIA

«Beldurra alde batera uzten saiaten naiz, baina errespetuz hartu beharreko lana da hau»

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 18a, 00:00

Argazkian Iñaki Iradi eskubian, Playa de Anzoras itsasontziko beste kide batekin.

5 urte daramazki Iñaki Iradi hernaniarrak itsaso munduan eta aurten kapitain kargua hartu du, lehenengo aldiz. «Bat-batekoa izan da eta asko dut ikasteko oraindik, baina motibatuta nago».

Hamaika abentura bizi ditu Iñaki Iradi hernaniarrak itsasoan, mundu honetan murgiltzea erabaki zuenetik. Seychelles irletan portu basea duen  Playa de Anzoras itsasontzian egiten du lan, atunero batean. Etxekoei eta gertukoenei agur esan eta 4 hilabete ematen ditu itsasoan lanean, Bermeokoa den itsasontzian. Gero, beste 4 hilabetez Hernanira itzultzen da, deskantsatzera. 

Egun bakoitza ezberdina da Iradirentzat. Koronabirusak eragindako pandemiaren berri ere,  itsasoan izan zuen, etxetik atera eta hiru egunetara. Horregatik, ez zuen atzera bueltarik izan.  Baina dio, konfinamenduak iraun dituen egun guztiak itsasoan egin dituela, «normal, lanean». Orain barkuko kapitaina da, eta berarekin hitz egiteko aukera izan dugu.

 

Nola bururatu zitzaizun itsasorako munduan murgiltzea?

Batxilergoa bukatzen ari nintzela EHUko atea irekietara joan nintzen. Bertan nengoela konturatu nintzen unibertsitateko graduek ez zidatela interes berezirik piztu. Gradu bat hasi banuen ere, bi urte egin ondoren utzi egin nuen eta Pasaiako portura joan nintzen, itsasoarekin zerikusia duen goi mailako ziklo bat ikastera.

Eta jada 5 urte daramazkit honetan. Goi mailako zikloa bukatu nuenean beste urtebete eman nuen kapitainaren karguko ikasketak egiten eta formatzen. Gero, 2015eko uztaila bukaeran hasi nintzen itsasoan lanean.

 

Hasiera zaila izan zen?

Bai, zaila izan zen. Ez nuen itsasoko kultura ezagutzen, nire familiako inork ez du loturarik mundu honekin eta Hernani ere, ez da kostaldeko herri bat. Baina, lan guztietan gertatzen den moduan, hasiera gehienak horrelakoak direla pentsatzen dut. Izan ere, ikasketek laguntzen dute, baina errealitatea lanean eta egunerokotasunean ikasten da. Pixkanaka-pixkanaka joan nintzen.

 

Ezagutzen ez zenituen herrialde askotan egongo zinen.

Herrialdeak baino, portuak. Costa de Marfil, Ghana, Cabo Verde, Namibia… Herrialdea ezagutu baino, bertako portuetan egon gara. Geldialdi bakoitzak ez du denbora ematen lurraldea ezagutzeko.

 

Ofiziala izan zara, baina orain kapitainaren kargua hartu duzu, ezta?

Historikoki kapitain izatera heltzeko bide luzea zegoen. Hasieran ziurrenik platerak garbitzen hasiko ziren, gero marinel izatera eta pixkanaka-pixkanaka postuak igotzen kapitain izan zintezkeen.

Baina gaur egun ezberdina da. Ikasketak badituzu ofizial postuarekin sartzen zara itsasontzira. Eta ni horrela iritsi naiz kapitain izatera. Hasieran ofiziala nintzen eta orain bat-batekoa izan da karguz igotzearena. Oraindik esperientzia gutxi dut, 4-5 urte esperientzia gutxi baita itsasoan. Asko dut ikasteko, baina motibatuta nago. Joango naiz ikasten pixkanaka, orain arte bezala.

 

Nolakoa da egun normal bat itsasontzian?

Bakoitzak bere ordutegia du. Nire kasuan, normalean goizeko 06:00 edo 06:30etan esnatzen naiz eta gero, arrainik ez badago, 10:00etatik 12:00etara bitartean lo egiten dut. Deskantsatu ondoren goizeko 01:00ak arte egoten naiz lanean eta lotara joaten naiz.

 

Barkuan momentu konplikatu zein zoriontsuak biziko zenituen…

Bai, lan guztietan bezala. Denetarako egunak daude. Okerrena eguraldi txarra dagoenean izaten da, maniobra zailak egin behar dira itsasoak indar haundia duelako. Nahiko adi egon behar da. Beldurra alde batera uzten saiatzen naiz, beldurrak blokeatu egiten duelako. Baina errespetuz hartu beharreko lana da.

 

Koronabirusak bete betean harrapatu zintuen itsasoan. Konfinamendua barkuan bizi duzu, ezta?

Bai, Seychellesera iritsi eta hiru egunetara konfinamendua hasi zen Euskal Herrian. Seychellesen hurrengo egunean edo debekatu zituzten sarrera eta irteera guztiak. Gure kasuan, barkuan inor kontagiatuta ez zegoenez, itsasora atera ginen, arrantzara.

Bagenekien zer ari zen gertatzen eta informatuta geunden, baina guk normal jarraitu genuen lanean. Gero dena gehiago konplikatu zen eta aireportuak itxi zituzten, adibidez. Afrikarrek, esaterako, zailagoa dute eta ezin dute arrantzara atera. Gure kasuan, Bermeoko enpresak erraztasunak eman dizkigu eta hegaldiak jarri dizkie langile euskaldun eta galiziarrei, etxera joan edo lanera joateko, tokatzen zenaren arabera. Izan ere, tripulazioa, normalean, bi hilabetean behin aldatzen da erreleboak egiteko: itsasoan dau­de­nak etxera joaten dira eta etxe­an audenak itsasora.

 

Agur esatea kosta egiten zaizu, itsasora zoazenean?

Suposatzen da azaro erdirarte hemen egon behar dudala, baina batzuetan aldaketak egoten dira. Eta agurrak azkar egitea gustatzen zait, ez zaizkit parafernaliak gustatzen...  Batzuetan bronka botatzen didate familian, itsasotik noiz bueltatzen naizen ez dudalako abisatzen. Baina modu honetan errazagoa da eta nahiago dut horrela egin, naturaltasunez! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!