Jada 50 entitatek eman dute izena aurtengo Euskaraldian. Abenduan egingo den dinamika taldeei zuzendutakoa da eta gero helduko da norbanakoen txanda. Aurtengo erronka azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitarte egingo da. Helburua «hizkuntza-ohiturak aldatzea da», eta ariketa 16 urtetik gorakoentzat dago zuzenduta. Antolatzaileek gogorarazi dute irailaren 27an bukatuko dela talde-dinamikan parte hartzeko apuntatzeko epea. Norbanakoen txanda irailaren amaieran helduko da. Orduan irekiko da izen-emate epea, hilaren 24an.
Apustu soziala da Euskaraldia, eta badirudi Hernanin arrakasta izango duela, aurten ere. Izena emateko epea ireki zenetik, 50 talde animatu dira ekintzan parte hartzera. Leire Otxotorena da Hernaniko Euskaraldiko arduradun nagusietako bat eta dio, «entitate diogunean era guztietako talde motei buruz ari gara: talde soziokulturalak, kirol taldeak, auzo taldeak, elkarte gastronomikoak, dendak, tabernak, jatetxeak, enpresak…».
CDH da parte hartuko duen taldeetako bat, eta motibatuta daude aurtengo ekimenarekin. Martxelo Ezponda lehendakariaren esanetan, Euskaraldian parte hartzea ez da zaila, klubarentzat. Euskera egunerokotasunean erabiltzen dute Zubipen, «baina bada aldatu behar den hizkuntza-ohituraren bat», azaldu du Ezpondak. Berarekin hitz egiteko aukera izan dugu.
Zergatik hartu zenuten 2018ko Euskaraldian parte hartzeko erabakia?
Kluba beti egon da inplikatua euskerarekin. Hemen, klubean, euskera bultzatzea da gure helburuetako bat. Zuzendaritza aldetik eta baita jokalari eta entrenatzaileek ere euskeraren aldeko inplikazioa dute. Zuzendaritzako kideek taldeetara joaten garenean mezuren bat ematera, beti euskeraz egiten dugu. Egia da baten batek hizkuntza ulertzen ez badu, hitzen bat edo beste gazteleraz egiten dugula, baina orokorrean euskeraz egiten dugu dena. Euskera erabiltzea bultzatzen dugu, beti.
Nolako esperientzia izan zen?
Jendea inplikatu zen eta oso polita izan zen hori ikustea. Gainera, taldeak zelaira atera ziren dinamikaren aldeko pankartarekin eta guzti. Bai, dudarik gabe motibatuta egon ziren Euskaraldiak iraun zuen bitartean.
Lortu al zenuten hizkuntza-ohiturak aldatzea?
Egia esan ez genuen feedback-a egin. Esan beharra dago batzuetan oso zaila dela hizkuntza-ohiturak aldatzea euskeraz ez dakien eta kanpotik datorren entrenatzaile edo jokalari bati. Baina badaude bestelako kasu batzuk, adibidez, Zubipeko tabernaria. Lutxik inplikazio haundia du euskerarekin, eta beti saiatzen da jendea euskeraz atenditzen edo gurekin euskeraz egiten.
Baina gure helburua euskera bultzatzea da eta esan dudan bezala, beti saiatzen gara euskeraz egiten, Euskaraldiko dinamikaren egunetan egon ala ez. Gainera, helduok gazteleraz egiteko ohitura dugu, beharbada hala ikasi dugulako. Eta hori aldatzen saiatzen gara, hemen klubea.
Futbol profesionalak ere gaztelerara bultzatzen duela esango nuke. Telebistan erderaz entzuten ditugu futbol munduan ibiltzen diren gehienak, eta horiek ditugu eredu. Ingelesezkoak ere badira eredu horiek eta horregatik, hizkuntza-ohitura hori futbolean gaztelerakoa edo ingelesekoa izaten da. Baina eredu horiei aurre egitea da gure helburua hemen; hori aldatzen saiatzea.
Konturatu naiz zuzendaritzako kide bezala, azalpenen bat ematera joaten naizenean, gaztelerara pasatzen banaiz beraiek direla euskeraz egiteko esaten didatenak
Motibatuta al zaudete aurten egingo den Euskaraldiarekin?
Izena eman dugu aurtengo Euskaraldian eta bai, kluba motibatuta dago dinamikarekin. Joxe Artola eta Leire Otxorenarekin bildu ginen hemen, Zubipeko bulegoan. Euskaraldiaren inguruan aritu ginen hizketan, eta aurtengoa nolakoa izango zen azaldu zuten. Badakigu aurten taldeei zuzendatukoa dela dinamika, eta gogotsu gaude.
Egia da orain udan dena pixka bat geldirik dagoela, baina denboraldia hasten denean martxan jarriko dugu guztia. Webgunea berritu dugu orain, eta euskeraz zein gazteleraz topa daiteke informazio guztia. Pixkanaka aldaketak egiten goaz.
Zelai barruan eta kanpoan, nolakoa da euskeraren erabilera?
Zelai barruan, nik uste dut oraindik ohitura asko daudela aldatzeko. Dexente egiten da gaztelaniaz. Ez da guztiz egiten euskeraz, guri gustatuko litzaigukeen bezala. Baina gu behintzat eredu baldin bagara, jendea saiatuko da, ziur. Hala ere, jokalarien artean euskeraz egiten da gehienetan. Nahiz eta entrenatzaileak agindu teknikoren bat gazteleraz eman, jokalariek euskeraz erantzuten dute gehienetan. Azalpen teknikoak alde batera utzita, jokalariek zelai barruan eta beraien artean euskeraz egiten dute, ia beti.
Badago kanpotarra den entrenatzaile eta jokalaririk Zubipen. Euskeraz egiten saiatzen dira?
Bai, entrenatzaile argentinarra dugu nesken lehenengo taldean, adibidez. Egia da kosta egiten zaiela euskeraz egitea ama-hizkuntza gaztelera dutenei. Zaila da. Baina esan dudan bezala, badaude euskeraz gutxi egiten duten jokalariak, baina asko saiatzen direnak.
Gainera, pertsonalki konturatu naiz zuzendaritzako kide bezala azalpenen bat ematera joaten naizenetan, gaztelerara pasatzen banaiz, beraiek direla euskeraz egiteko esaten didatenak. «Lasai lasai, zuk egin euskeraz!». Eta gero, azalpenen bat gehiago behar badute, nik bukaeran beraiei azalduko diet berriro, hobeto ulertzeko.
Ahobizi ala belarriprest gehiago daude?
Nik uste gazteen artean eta jokalarien artean gehienak ahobizi direla. Egongo da belarriprest denik, baina gehiengoak euskeraz dakienez, ahobizi izango dirala pentsatzen dut.
Hemen, klubean, euskera bultzatzea da gure helburuetako bat. Beti egon gara inplikatuta euskerarekin.
Zehaztu al dituzue ariguneak?
Oraindik ez dugu pentsatu, baina esan dudan moduan Zubipe orokorrean, arigunea da, modu batera esanda. Euskeraz egiten dugu hemen, ia beti. Baina leku zehatzak esateko, aldagela eta taberna izango dira ariguneak, ziurrenik. Zelai barruan azalpen teknikoak izaten dira gehienetan, eta horiek gazteleraz egiten dituzte entrenatzaileek, kasu askotan. Zaila da hori aldatzea, baina saiatuko direla uste dut.
Bestalde, badakigu iraila bukaeran edo urrian dela norbanakoen Euskaraldia. Ondo badoa, izena emango dugu baita ere, zergatik ez! Guretzat ez da lana, eguneroko konpromezua da. Hemen Zubipen ez da zaila euskeraz egitea. Ohitura txiki horiek aldatzea da kontua, hori besterik ez.