'Panoli Kabareta' COVID-19aren aurkako txertorik umoretsuena

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 13a, 00:00

Gorka Ganso eta Cecilia Paganinik haur antzerkia eskainiko dute bihar Atsegindegin, 19:00etatik aurrera
barreak ziurtatuz.

Gorka Gansok eta Cecilia Paganinik Durangoko bikote komikoa dira, eta uda honetan Panoli Kabareta ikuskizun berria estreinatu dute. Hernaniarren gozamenerako, bihar 19:00etatik aurrera, Atsegindegin ikusteko aukera egongo da.

Bi artistek dioten bezala Panoli Kabareta «Antzar&Kiaren laborategietatik atera berri den COVID-19aren aurkako 19 txertoa da. Oraindik garapen-fasean dago. Ziurrenik, birusa deuseztatzeko orduan porrot egingo du, baina bigarren mailako ondorioei esker, barre algarak ziurtatuta daude», esan dute Gorka Ganso eta Cecilia Paganik.

Gidoia txinpantze mozkor batek idatzi du

Ganso&CIA taldea zein den beraiekin argitzen dute: «Bi inozo profesional gara. Tamalez, intrusismo haundia dago lanbide honetan. Guk 20 urte baino gehiago daramatzagu jende adimentsuarentzat umore sinplea egiten (eta alderantziz)».

Ikuskizun honen gidoia «txinpantze mozkor batek» idatzi zuela diote. «Are gehiago, berrogeialdian telelanean aritu zen».

Babes neurriak beteko dira

Panoli Kabareta txerto izan arren, orain arte bezala babes neurri guztiekin eramango da aurrera ikuskizuna. «Agintari eskudunen eta normaltasun berriaren bilakaeraren araberakoa izango da», jakinarazi dute antzezleek.

Hala ere bere umore zorrotz eta zuzen horrekin ondorengoa diote. «Gure ustez, antzerkia maskarilla gabe ikusi ahal izan beharko litzateke. Eta gero tabernako terrazara joan garagardo kaña bat maskarilla eta pajitarekin hartzera, konpentsatzeko».

Terrazetan bira bat egitekoak ziren, baina bertan behera utzi omen zuten. «Egia da, bertan behera utzi dugu, baina sagardotegi bateko karaoke batekin ordezkatu dugu». 

Baina bihar Hernanin ikusiko dena umorea ardatz duen zirku parodia da, ikuslego guztiari eta bereziki haurrei dago zuzendua. «Autoestimu gaindosi baten emaitza da Panoli kabareta. Zirku edota vodevil-aren historian ez dira oroituak izango, baina behintzat barre batzuk
egingo ditugu» diote. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!