Erremontea

Ansa II.ak eta Juaneneak gaur emango diote hasiera Kutxabank Torneoari finalaurdenetako ligaxkarekin

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 13a, 00:00

Juaneneak B mailako finala erraz irabazi zuen eta sasoi betean dago.

Ligaxka honetan Goikoetxea V.a da hirugarren partaidea eta hiru partidu jokatu ostean bakarra pasako da finalerdietako ligaxkara. Orduan sartuko dira txapelketan Endika, Urriza eta Barrenetxea IV.a faboritoak. 

Buruz buruko Kutxabank Torneoa gaur hasiko da finalaurdenetako ligaxkaren lehenengo partiduarekin. Bertan, ariko dira jaialdiko bigarren partiduan Ansa II.a eta Juanenea nor baino nor, 17:00etatik aurrera. Lehenengo eguna da Galarretak ateak ireki zituenetik ostegun batean jaialdia jokatuko dena.
Finalaurdenetako fase honetan hiru erremontistak jokatuko dute, aipaturiko Ansak eta Juaneneak eta Goikoetxeak ere bai. Hiru partidu jokatuko dira gaur, larunbatean eta gaur zortzi, abuztuaren 20an. Ligaxka irabazten duenak finalerdietako ligaxkako txartela lortuko du.  Ligaxka horretan sartuko dira lehian, abuztuaren 22an, Endika, Urriza eta Barrenetxea IV.a faboritoak.

Aurreko urtean Ansa II.ak jokatu zuen azken ligaxka hori, baina aurten sailkatzeko Juanenea eta Goikoetxea V.a gainditu beharko ditu eta ez da erraza izango. Juaneneak erakutsi du aurreko partiduetan sasoi betean dagoela eta erraz irabazi ditu  partiduak. Goikoetxeak ere erakutsi berri du 50. urteurreneko txapelketan bere jokoak gorakada nabaria izan duela. 

Partidu parekatua espero da antzekotasun haundiko bi erremontisten artean
Galarretan gaur jokatuko den partidua estua, parekatua eta maila haundikoa izatea espero da. Bi aurrelarien artean lehia dago eta maila parekoa dute. Jokatzeko era ere antzekoa da. Biak jotzaileak dira eta Ansak ahulgunea defentsan du batez ere eta Juaneneak erasoko jokoan gehiago. Aurrelariak izanda sakearen garrantzia haundia izango da eta sakatzen asmatzen duenak garaipena gertuago izango du.
Nahiz eta galdu garrantzitsua izango da tantoen kopurua. Ligaxkaren sailkapena puntuen arabera egiten da eta garaileak lau puntu batzen ditu, 27-29 tanto bitartean egiten dituenak bi puntu izango ditu, 24-26 tanto bitartean puntua gehituko da sailkapenean, 17-23 tanto bitartean ez da punturik batuko eta 17ra iristen ez denak puntu negatiboa izango du. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!