Errugbia

«Hartzen den edozein erabakiren aurrean prest egon behar dugu» dio Juan Rodriguezek

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 12a, 00:00
Collado zalantza da aurten eta Otxotorenatarrek ez dute jarraituko.

Errugbi denboraldia oraindik ere finkatu gabe dago eta zer gertatuko den airean dago. Nagusiak entrenatzen hasi dira neurriak betez, baina non eta noiz jokatuko duten jakin gabe.

Hernani Errugbi Taldeko nagusienek maila galdu zuten pasa den denboraldian eta denboraldi berrirako entrenamenduak hasi dituzte. Hori bai, Juan Roriguez presidenteak dioen bezala «oraindik jakin gabe noiz hasiko den eta jokatuko den edo ez. Dena airean dago». Entrenatzeko ere neurri bereziak hartu dituzte. «Entrenatzen hasi gara, baina eskatzen dituzten protokoloekin. Bost eta hamarreko taldeak, gimnasioan... protokolo batzuk jarraitu behar ditugu».
Klubera sartzen direnean sartu-irteerak kontrolatzen dira  orri batean apuntatuz zein eta zer ordutan sartu edo irten den. «Orain dela aste bete Ohorezko Maila bigarren eszenatokira igaro zen. Liga irailean hastekoa zen eta hori atzeratu eta urriaren 11ra pasa dute hasiera».  
Hurrengo urtean Ohorezko Mailan jokatzeko aukera hori ere ez dago guztiz baztertua klubean nahiz eta zaila izan. «Bathcoren gaia dago. Santanderreko taldea jaisten badute guri egokituko litzaiguke postu hori, guk hori ulertzen dugu behintzat. Playoffetara sailkatu ziren taldeak izatea gure aurka joatea litzateke» dio Hernaniko presidenteak. 

Ohorezko maila eta B maila artean beste bat zortzi talderekin?
Hortik beherako mailetan zer gertatuko den oraindik ere ez dakite. «Zaila ikusten dut. Espainiako batzarra biltzeko dago eta futbolean esaterako urtarrilera begira jarri dira Bigarren B mailatik azpiko taldeak. Batzar horretan planteatu eta erabakiko da Ohorezko eta Ohorezko B mailen artean beste maila bat sortzea. Horretarako abal kopuru bat behar da. Frantzian horrela egin da eta hemen ere aukera hori egongo litzateke. Hala ere bidaiak ez lirateke xamurrak izango guretzat. Valentziara, Jaenera... bidaiatu beharko genuke. Playoffera sartu ziren zazpi taldeak eta gu, zortzi, izango ginateke».

«Gozatzeko helburua dute mutilek eta ez horrenbeste sufritzeko»
Hala ere dena dago erabakitzeko eta zer gertatuko den inork ez daki.  Hori bai taldeek denboraldia prestatu behar dute berdin -berdin badazpada ere. Taldea osatu ere bai, denboraldiari begira. «Oraingoz gogo haundiekin daude mutilak eta ilusio haundiarekin. Gogo asko dituzte maila honetan jokatzeko helburuak desberdinak direlako, estres gutxiagoko helburuak dira. Hemen igotzeko borrokan ibiltzea da helburua eta Ohorezko Mailan sufrimendua haundiagoa da. Mikel Perezek gurekin jarraitzen du, nahiz eta kanpoko eskaintzak izan dituen».
Oraindik, %100ean, klubean ez dakite ongi nork jarraituko duen eta nork utziko duen. «Otxotorenatarrek utzi egingo dutela dirudi, Mattin Colladok ere intentzio hori erakutsi zuen eta orain dudetan dago».

Presidentetzarako prozesua abian jarri da
Taldearen egitura aldetik ere berrikuntzak daude eta presidentetzarako hauteskundeak edo aukeratzeko prozesua abian da aurten. «Gure egituran lehendabizi presidentea aukeratzen da eta ondoren presidenteak bere taldean zein izango diren batzarkideak aurkezten ditu». Juan Rodriguezek ez aurkeztea pentsatu zuen, baina azkenean berriz ere hautagai izango da. «Presidente izateko jendea ez da animatzen. Batzarkide izateko bai, baina zailagoa da pauso hori ematea». Klubaren filosofia eta lan egiteko moduarekin jarraitzea nahi du Rodriguezek. «Horiek dira gure euskarriak eta bide horretan jarraitu nahi dugu».

«Harrobiko gaztetxoenek jokatu egin behar dute»
Taldeak aurkitu duen beste arazoa beheko mailako taldeek ezin jokatzearena da. «Polidorik esan digu ez dela posible mundua jan nahi duten gazteek eta jokatzeko irrikitan dauden 18 urtetik beherako jokalariek ezin jokatzea. Sei hilabete geldirik egotea asko da beraientzat, baina ez da erraza egoera honetan. Hendaian hasi dira entrenatzen 16 urte azpikoak eta entrenatzera joateko animatzen digute. 14 urtez azpikoetan gainera Hernanira etorri daitezke Hendaiatik. Kirolen artean konpetentzia haundia dago eta badaude gurasoak 10 urteko umea ekarri dutena jokatzera, baina aukera hori ez badiogu ematen jai daukagu aurten. Landarera etorri eta jokoak edota jolasak antolatu beharko genituzke aktibitatea mantentzeko. Horregatik udaleku modukoak planteatuko ditugu aurrera begira».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!