Legarretak bi lantegi, abuztuan eta irailean

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 11a, 00:00

Abuztuaren 22rako Chillida-Lekun argigrama lantegia antolatu da, 11:00etan, eta irailaren 12an San Telmo Museoan, familientzat, goizez beste tailer eramango da aurrera.

Nagore Legarreta argazkilari hernaniarrak agenda ongi betea du abuztuan eta irailean, hilabete honetako bere boletinean ikusi daitekeenez. Bi lantegi antolatuko ditu datozen bi hilabeteetan eta lehenengoa abuztuaren 22an, larunbatean, izango da Chillida-Leku museoan.

Argigrama lantegia egingo da museoan, goizez, 11:00etan Eduardo Chillidaren eskulturek argiarekin duten harremanaz jabetu eta esperimentatzeko. Lantegia haur eta helduentzat izango da, eta bertan, argazki paper analogikoa, argia, pintzelak eta elementu ezberdinak erabilita bapateko irudiak sortuko dituzte. Izena emateko www.museochillidaleku.com helbidean egin behar da.

San Telmo museoan Argazki txikiak izenburupean argazki lantegia garatuko da familientzat, haur eta helduentzat. Argazki lan ezberdinetan oinarritutako inprobisazio ariketak proposatuko dira eta ondoren, komentatu egingo dituzte. Lantegi hau irailaren 12an, larunbatean, goizez izango da. Mugikorra edo argazki kamera eraman behar dira. Izena emateko www.santelmomuseoa.eus helbidera sartu behar da.

 

Emakumearen indarraren inguruko erakusketa

Sorginlore gizarte ekimenaren eskutik, emakumearen indarraz hausnartzeko hainbat saio burutu dira azken hilabeteetan, Donostian. Saioetan sortutako argazkiekin erakusketa osatzen ari dira orain. Inaugurazioa irailaren 29an, asteartean, izango da Garraxi jatetxean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!