Euskaraldia

Jada 50 entitatek eman dute izena Euskaraldian Hernanin, eta ekimenak lanean jarraituko du

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 10a, 00:00

Euskaraldian parte hartuko duten zenbait talde, ahobizi, belarriprest eta arigunearen ikurrekin.

Uda garaia atsedenerako unea izaten bada ere, Euskaraldia-Euskara ari du ekimeneko lantaldeak gogoz ekin dio lanari, eta buru-belarri ari da herriko entitateei aurtengo ekimena azaltzen.

2018an herritarrak izan ziren protagonista hutsak, baina aurten Euskaraldiak berrikuntza bat ekarri du: herritarrez gain, entitateek ere parte hartzeko aukera izango dute. «Entitate diogunean era guztietako talde motei buruz ari gara: talde soziokulturalak, kirol taldeak, auzo taldeak, elkarte gastronomikoak, dendak, tabernak, jatetxeak, enpresak…», azaldu dute.

Hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskeraren erabilera haunditzea da apustu sozial honen helburu nagusia. Hala ere, gero, egindakoari jarraipena ematea oso garrantzitsua dela adierazi dute Euskaraldiko arduradune­k. Aurten taldeentzat arigune izeneko figura sortu da. Ariguneak euskeraz lasai hitz egiteko guneak dira. Ariguneak izateko ezinbestekoa da taldeko guztiek euskaraz ulertzea: «Ulertzen dutenek asko eragin dezakete euskeraren sustapenean», esan dute. Gero, norbanakoaren egitekoa da bakoitzak taldean zer rol hartuko duen erabakitzea. Gainera, arduradunek taldeei es­katu diete beraien baitan i­den­tifikatzeko ariguneak zeintzuk diren, eta gero martxan jar­tzeko. 

Balorazio «oso positiboa» 

Oro har, ekimenean lanean hasi zirenetik balorazio «oso positiboa» egiten ari direla adierazi dute. Izan ere, kalera atera diren aldietan harrera ona jaso dute bisita horietan guztietan. Horregatik, gerturatu eta parte hartu duten guztiei eskerrik beroenak eman nahi dizkiete ekimeneko antolatzaileek. Izan ere, une hauetan jada 50 entitate daude izena emanda Hernanin eta udazkenerako entitate gehiagok izena emango dutela aurreikusi dute. Izena eman dutenen zerrenda aurrerago argitaratuko dutela jakinarazi dute, izen-emate epea bukatu baino aurretik. 

Entitateei ahalik eta arreta pertsonalizatuena ematen saiatzen ari da lantaldea. Izan ere, garrantzitsuena parte-hartzaileek ekimena zertan den ongi ulertzea dela uste dute, Euskaraldiaren 15 egunak ahalik eta arrakastatsuenak izateko. 

Izen emateko epea irailaren 27an bukatuko da

Aurtengo erronka azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitarte egingo da. Ariketa 16 urtetik gorakoentzat dago zuzenduta, «helduek egin behar duten zerbait delako», esan dute. Bestalde, Hernanin ez ezik, Astigarragan ere antolatu dira eragileak Euskaraldia aurrera eraman ahal izateko, eta herriko Udalen babesa eta onespena hasieratik izan dute.

Hernaniko entitateei gogorarazi nahi diete entitateen izen-ematea irailaren 27an amaituko dela. Izena emateko hainbat bide daude: alde batetik, parte hartu nahi dutenek https://ariguneak.euskaraldia.eus/ webgunean eman dezakete izena; eta bestetik, lantaldearekin harremanetan jar daitezke euskaraaridu@dobera.eus helbidera idatziz edo 689675462 telefonora deituz eta izena emateko prozesu osoan lagunduko diete.

Esan bezala, talde eta elkarteei zuzendutako ekimena da. Dinamika aurten entitateei zuzentzearen arrazoia da, «taldean aritzeak hizkuntza ohiturak aldatzen lagundu dezakela». Horregatik, aurten fokua taldeetan jarriko da lehenengo, eta gero iritsiko da norbanakoen txanda, udazkenean.  Asmoa da taldeek beraien baitan egitea dinamika eta gero,  norbanakoan parte hartzea animatzea. 

Hala ere, norbanakoen kasuan, irailerarte ez da beraiei zuzendutako kanpaina hasiko. Prestakuntza lanak ere urrian hasiko dira, orain buru-belarri ari direlako entitateei zuzendutako ekimenean lanean. Banakakoen txanda hasten denean, izen-emateko epea irailaren 24an irekiko da. Eta formakuntza saioei dagokienez, azaroan izango dira. 

Euskaraldia-Euskara ari du ekimenaren lantaldeak hernaniarrei ohartarazi nahi die Euskaraldia hizkuntza-ohiturak aldatzeko «entrenamendu bikaina izango den arren, beroketa-lan baino ez dela», eta hizkuntza-ohiturak al­datzeko ariketa urte osokoa dela. Horregatik, herritarrak animatu dituzte ekimenean parte hartzera ez ezik, urteko 365 egunetan hizkuntza-ohitura horiek aldatzen saiatzera.

Izan ere, arduradunek adierazi zuten moduan, ekimenaren funtsa «ez da euskeraren alde egitea, euskeraren alde egotea baizik». Hau da, ez da aldekotasun kanpaina bat. Beraien esanetan, Hernanin euskeraren aldeko oso jarrera ona dago. Hala ere, erderarako ohitura «barneratua eta normalizatua» dago, eta horregatik jarri da martxan ariketa sozial hau.


Bulegoa itxita, zenbait astez

Arduradunek jakinarazi dute asteazkenetik aurrera Euskaraldia-Euskara ari duren bulegoa itxita egongo dela, abuztuaren 24ra arte, udako oporrak direla eta. Hala ere, telefonoak eta helbide elektronikoak martxan jarraituko du, talde eragileak lanean jarraituko duelako. Beraz, tarte horretan jendeak beraiekin harremantan jarri nahiko balu, «ez luke arazorik izango», adierazi dute. 

Bestalde, Euskaraldiaren di­namikaren baitan, hainbat e­kimen antolatu dira. Irailaren 23an Kike Amonarrizek liburua aurkeztuko du eta urrian, Joxerra Gartziak 4 saioko tailerra emango du, ostegunetan. Gainera, urriaren amaieran Gemma Sanginesek hitzaldi-tailerra eskainiko du. Aurrerago emango dute honen berri, arduradunek.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!