Maria Berasarte abeslariak bihar bere azken lana, 'Lurra eta Bidea', Atsegindegin estreinatuko du

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 7a, 02:00

Uda programaren barruan kantari donostiar arrakastatsuak lehendabiziko aldiz «euskal sustraietara» egingo du bidaia, 20:00etan.

Maria Berasarte abeslariak Lurra eta Bidea proiektua aurkeztuko du bihar, 20:00etatik aurrera, Atsegindegin. Bertan bere lurrari eta jatorriari oda forma ematen dion istorioa irudikatzen du. «Estreinaldi mundiala» dio Berasarte berak eta bertan iberiar musikatik abiatuta baina beti euskal sustraiak zainduz bere karrera garatu duen emakume baten kezka agertzen da. «Hau joan-etorriko bidaia bat da».

Bere ibilbidean, klasikotik abi­atuta, fadora eta flamenkora iritsi zen, musika zeltara eta sefardira, eta beste genero batzuetako ezagutzak lortu zituen bere jatorria galdu gabe. Besteak beste, Jordi Savall, Ara Malikian, Paco de Lucia eta Carlos Do Carmo bezalako artistekin elkarlanean aritzea lortu zuen, eta nazioarteko hainbat gune eta jaialditan aritu zen, hala nola Sibiuko Nazioarteko Jaialdian (Hong Kong Arts Festival) edo Bruselako Palais de Beaux-Artsen.

Lurra eta Bidea, Berasarteren proiekturik pertsonalena eta originalena da. Bertan, bere euskal sustraiak erakutsiko ditu, beste musika estilo batzuetan ze­har egindako bidaia, lehen aldiz euskal musika eta poetikara itzuli izana nabarmenduko den, «lehenengo aldia da nire herriari lan bat eskaintzen diodana».

Ideia, euskal sustraiei dagokienez lehen aldiz, lan berri eta pertsonal bat egiteko borondatetik sortu zen. Bere jatorriaren iruditeriarekin, bere nazioarteko ibilbidearekin eta abeslariaren eta euskal kulturaren sentimenduekin bat egiteko musika berriak ekartzeko borondatea.

Jarraipena izan eta mugak gainditu nahi dituen proiektua da. Euskal izaera musikala ezagutzera emateko modu bat, hain dokumentatua ez den ikuspegi batetik. Gutxi dira honelako proiektuak zuzentzen dituzten emakumeen ahotsen erreferentziak, gure mugetatik kanpo beren burua gehiago ezagutarazteko gaitasunarekin.

 

«Hiru zatitan banatuta dagoen ikuskizuna da»

Hiru zatitan dago banatua emanaldia. Lehenengoan «jatorria edo ahotsaren jatorriaren imaginarioa, sentsazioak... agertzea David Azurza abeslariarekin ba­te­ra egiten dut. Bera da nire gon­bidatua. Gero bigarren parte bat dago bilatzearen bidaia izango litzatekeena, zer egin dudan Portugalen eta ibilbidea agertzen duena. Eta gero nire lurreko musikara iristen gara, musika tradizionala edo herrikoiera hurbiltzen gara modu esperimental batean etorkizunera begira jarriz. Nahiz esperimentala izan oso koherentea da». azpimarratzen du Berasartek.

Abeslari donostiarrak bere erre­pertorioan euskal kantua sar­­tzen du beti eta aukera paregabea izango litzateke ikuskizun inspiratzaile eta paregabea garatzeko, artistaren ezau­garriengatik. Maria Berasartek Joseba Irazoki, gitarra, Igor Telletxea, perkusioa eta David Azurza izango ditu lagun. «Ez da aurretik egin dudan proposamen bat, baina noski jendeak niri entzungo dit, ez zaio arrotza egingo. Gitarra klasikoa egon beharrean Berako musikarien elektronikoa agertuko da, efektuak egongo dira. Ez nuen geratu nahi abestu eta txaloak jasotzearekin. Haratago joan nahi dut Lurra eta Bidearekin. Jatorrira, sustraietarako buelta izatea nahi dut, garai batetik, bidea eginez etorkizunera iritsi nahian. Modu elegantean ariko gara, baina ausardiaz».

 

«Euskeraz asko abestuko dut, beste hizkuntzetan ere bai»

Lau edo bost abesti euskeraz abesten ditu. «Lehenengo partean ez dira abestiak, inprobisazio asko egongo da eta ahotsaren iturriaren bilaketa izango da, gure ADNa aurkitzea helburu, nondik datorren ahotsa», aurreratzen du abeslariak.

Eta zer horrela? Zerbait aportatu nahi duelako. «David Azurza abeslari haundiarekin egingo dut hori. Beraz, euskeraz abestuko du, gazteleraz ere bai bi abesti eta portugesez ere bai».

Berasartek beste emanaldiaren ezaugarri batzuk ere ezagutarazten ditu. «Kontzertu oso berezia izango da eta pena da zortzietan izatea. Berez prestatuta dago gauerako, sentsazioak eragiteko eta sortzeko, 70 minutuko ikuskizuna prestatu dugu. Orain jendearen erantzunaren zain gaude. Estreinaldia da eta erantzun ona izatea espero dugu. Seguru horrela izango dela». Bere ustez entseguekin urduritasunak sortzen dira eta aurreneko emanaldia izateak eragiten du horretan.

 

«Hernanin eskaini ditut kontzertuak eta Udalaren laguntza ekonomikoa eskertu nahi dut»

Apirilaren 13an estreinatu behar zuen Lurra eta Bidea Hernanin baina dena bertan behera geratu zen pandemiaren eraginez. «Donostian egin dut konfinamendua. Ez da erraza izan etxean sartuta egotea, amets gaizto bat, oraindik ere horrela gabiltza. Ez dut ezer sortu, gorputza geldirik geratu zen. Erreflexiorako balio izan dit, bizitzaren ikuspunturako, entzuteko... hori izan da gauzarik positiboena».

Hernanirekin ez du lotura berezirik. «Bizilagun onak izatea soilik» nahiz eta aurretik eman dituen kontzertuak. «Subita lanarekin Hernanin izan nintzen» eta Hernaniko Udalari eskerrak eman nahi dizkio. «Apirileko kontzertua bertan behera geratu zen, baina artistei ordaintzeko konpromezua hartu zuen. Geldialdian laguntza ekonomikoa behar genuela ulertzen zuen eta nik dakidala hori egin duen Udal bakarra izan da Munduan. Ikaragarria da eta asko eskertzen da».

Azkenik Udalak gogoratzen du ekitaldia doakoa dela, baina aldez aurretik gonbidapena eskuratu behar da Biteri kultur etxean. (09:00-14:00)

Emanaldi guztiak aulkietan eserita izango dira eta eserlekuen artean distantzia gordeko da. Sarrera eta irteeran maskara jarri behar da, bai eta gel desinfektatzailea eman ere.

Gonbidapenak Biterin gaur eskatu behar dira eta egunean bertan gonbidapenak ez dituena joan daiteke Atsegindegira tokia bete arte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!