Bi liburu berri, Iñaki Sainz de Murietak

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 5a, 00:00

Idazlea arrakasta ari da izaten azken urteetan eta orain, bi liburu berri argitaratu ditu ´Kanideren Abenturak´
bildumaren barruan. 

Joan den maiatzean errelato motzen saria irabazi zuen Iñaki Sainz de Murietak eta orain, udan, bi liburu berri plazaratu ditu. Kanideren Abenturak kolekzioaren barruan, Zaldien Koba eta Suaren Zeremonia izan dira idatzi dituen azken obrak.

Miguel Berzosa ilustradorearen laguntzarekin argitaratu ditu azken bi lanak Sainz de Murietak. Lehenengoarekin, Zaldien Koba, historiaurrearen nondik norakoak ezagutzeko aukera dago. Irakurleak, besteak beste, labar-pinturen garrantzia eta esanahia ezagutuko ditu. Idazlearen esanetan, liburu honekin, zeharka, bizitza eta naturarekiko errespetua eta baloreak lantzen dira.

Sainz de Murietak argitaratutako bigarren liburua, Suaren Zeremonia, Kanideren Abenturak bildumaren barruan dago, baita ere. Kasu honetan, protagonistak bere bizitza nolakoa den erakusten jarraituko du. Kanideren azalpenei esker, bere bizimodua hobeto ezagutuko du irakurleak. Komunitatearen bizitzako jarduerak zeintzuk diren ezagutuko du.

Besteak beste, ehiza, zizelkatze teknikak edo antzinako errituak kontatuko ditu Kanidek. Sainz de Murietaren proiektua 2019ko deialdian aurkeztutako 38 proposamenen artean aukeratuetako bat izan zen, eta ekimen honi esker argitaratu ahal izan dira bi liburuak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!