Bosgarren urtez jarraian, Potemkin Taldeak Udako Zinemaldia antolatu du abuztuaren 5, 6 eta 7an. Emanaldiak Atsegindegin izango dira, gaueko 22:00etan hasita. Aurtengo edizioak egun bat gehiago iraungo duenez, hiru pelikula (gauero bat) proiektatuko dira. Hirurak jatorrizko bertsioan ikus ahal izango dira, gaztelerazko azpidatziekin lagunduta. Islandia, Japon eta Finlandiako ekoizpenak dira.
Aurreneko proiekzioa abuztuaren 5ean (asteazkena) eskainiko da: Hrútar (ahariak), 2015eko islandiar ekoizpena da. Ingelesezko bertsioan, Rams ipini diote; eta gaztelerazkoan, El valle de los carneros. Pelikulan Islandiako mendialdeko bizimoduaren erretratua egiten da, hango paisaia sinestezinen edertasuna erakusten den bitartean. Grímur Hákonarson da pelikula honen zuzendari eta gidoilaria. Urte berean (2015), Film Onenaren Saria eskuratu zuen Cannesen (Un certain regard sailean) eta Valladoliden (Seminci). Eta Oscar sarietara izendatua izan zen.
Bi islandiar anai artzainen arteko erlazioa
Gummi eta Kiddi anaiak dira eta Islandiako bailara bakarti batean bizi dira artzain, nork bere artaldea zaintzen. Berrogei urte baino gehiago daramatzate elkarri hitza zuzendu gabe. Euren ardiak herrialde osoko onenak omen dira. Baina bapateko gaitz batek mehatxupean jarriko ditu, ez Kiddiren ardiak bakarrik, bailarakoak baizik. Gaitzaren hedapena gelditzeko asmoz, animalia guztiak hiltzea erabakiko dute agintariek. Indarrak batzeko beharra izango dute orduan bi anaiek, artaldeak mantentzeko.
Zaintzailearen eta egoiliar baten historia
Hurrengo egunean, abuztuaren 6an, (osteguna): Mogari no mori (El bosque del luto, gaztelerazko bertsioan; The morning, ingelesezkoan) (2007), Naomi Kawase (gidoia eta zuzendaritza) japoniarraren filma proiektatuko da. Aurkikuntza bidaia bat da, zaharren egoitzan bizi den gizon batek bertako zaintzaileetako batekin, basoan barrena doazela, elkarrekin egingo dutena. Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu zuen Cannesen, urte berean.
Shigeki zaharretxe txiki batean bizi da, eroso eta pozik. Machikok, bertako langileetako batek, beste paziente batzuei baino arreta gehiago eskaintzen dio Shigeki agureari. Baina Machikok sekretupean bizi du bere oinazea semea galdu izanagatik. Shigekiren urtebetetze ospakizunaren ostean, Machikok mendira paseatzera eramatea erabakiko du. Bide erdian, autoa bazterreko zangan eroriko da eta beharturik sentituko dira aurkikuntza bidaian abiatzera, elkarrekin, oinez basoan zehar. Azkenean Shigekiren emaztearen hilobira helduko dira. Orduan konturatuko da Machiko Shigekik, bere emazteari, 33 urtez idazten aritu zaiola.
Desgaitasun sikikoa duten lau gizonek punk taldea dute
Hirugarren emanaldia abuztuaren 7an (ostirala) izango da: Kovasikajuttu (Punk Sindromea, 2012). Izenburu bera eman diote ingelesez nahiz gaztelaniazko bertsioan). Finlandiar pelikula honetan osasun mentalaren ispiluaren beste aldean gertatzen dena jasotzen da. Jaiotzetik desgaitasun sikiko larriak dituzten lau lagun dira protagonista bereziak. Pelikula hau 'anormalitate'ari bihotzez egindako omenaldia dela esan daiteke. Jukka Kärkkainen eta Janni Petteri Passi, zuzendari eta gidoilari lanetan aritu dira biak. Passi, gainera, argazkiaz ere arduratu da.
Punk talde bat ezgaitasun sikikoa duten lau finlandiarrez osatua. Pertti, Kurikan, Nimipäivät, borroka eta oihuka egiten dute, protesta egiten dute eta kontzertuen ostean osasun zentrora itzultzen dira.