Emanaldia

«Harreman baten itsasondoak mahai gainean jarri nahi ditugu, harremanen tripak agerian jarriz»

Imanol Kamio, Ander Lizarralde, Unai Muñoa eta Aitor Atxaga emanaldi batean.

'Erik eta Win' bertso-antzerkiak girotuko du gaur, Atsegindegiko plaza, 20:00etatik aurrera. Bi lagunen arteko harreman batek dituen gora beherak kontatuko dituzte, bertso, doinu, dantza eta poesia fusioak erabiliz. 

Abuztuari ongi etorria emateko, Uda Hernanin 2020 programazioaren baitako ekitaldi bat antolatu da gaur arratsaldeko 20:00etarako. Eta berezi bezain «erreala» izango da gainera, Erik eta Win izeneko  bertso-antzerkia eskainiko baitute, Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariek, Imanol Kamio pianoa eta eskusoinua eta Aitor Atxaga gitarrak. Hauen, inprobisazio, anekdota eta hainbat pasarte kontatu dizkio Unai Muñoa taldekideak, Kronikari. 

Kontatu zer den 'Erik eta Win' bertso-antzerkia. 
Egia esan, gurea definitzen oso zaila da, disziplina ezberdinak nahasten baititugu, eta ia nahi gabe, antzerkia erabiltzen dugu. Eta apur bat gure pertsonaia karikaturizatu nahi genuelako, eta iruditzen zitzaigulako, umorerako oso tresna ona zela. Bertsoa erabiltzen dugu, hori delako gurea. Poesia eta bestelako ezaugarri batzuekin osatzen dugu ikuskizuna, musikarekin adibidez, azkenean honelako emanaldi bat asko jazten du eta asko ematen dio. Orduan, poliki, joan gara gureak ez diren diziplinak hartzen, kantagintzatik pixka bat. Imanol Kamio hernaniarra adibidez, koroko zuzendaria da eta berak ikuspegi hori asko sartu digu, esaterako kantatzeko modua zaitzea.
Antzerkia zuzendu du Asier Sota aktore eta zuzendariak, eta hau guretzako oso garrantzitsua izan da, izan ere, aktuazio mundutik oso gutxi dakigu, eta Asierrrek honetan, asko aportatu digu. 

...
Orduan esan genezake, gure bertso-antzerkia interdiziplinala dela, baina ez da bere horretan bertso-antzerki bat besterik gabe, gauza asko hartzen baititu baitan. Obra hau gainera, ez da hasi diziplina batetik, mezutik baizik. Guk garbi geneukan zer kontatu nahi genuen, zein zen helarazi nahi genuen mezua, eta orduan poliki-poliki artistitikoki elementuak pilatzen joan gara, guri komeni ahala, obrari mesedea egiten diona gehituz. 

Zein da helarazi nahi duzuen mezua? 
Erik eta Win izenak, bi lagunen arteko harremana islatu nahi du, baina denok dakigu, harremanak handicap haundiak direla, bikote harremanak, lagun harremanak, familia harremanak. Eta hor, badago itsasondo bat, askotan ez duguna menderatzen ezta ikusten. 
Hori horrela, guk prozesu terapeutiko baten ondoren, eta  Ander eta bion harremana erabilita lekuko moduan, azkenean Ander eta nik daukagun harremana aspalditik dator, gauza asko elkarbanatu ditugu, intimitate maila haundi bat lortu dugu, bide oso antzekoa egin dugu. Orduan nahi genuen gure harremana kontatu, baina itsasondo hori mahai gainera ateraz, azkenean harreman baten atzean zer dagoen azalduz. Gure pertsonaren karikatura bat da, bizitzan daramatzagun pertsonaien karikatura. Eta saiatzen gara erakusten gu nondik engantxatu ginen, gure harremanak nola eboluzionatu duen, eta zeintzuk izan diren gure botere harremanak, zeintzuk izan diren gure enbidiak, gure alde ilunak... Tripak agerian jartzen ditugu. Horrekin, enpatia lortzen da, azkenean jendeari gustatzen zaio harremanen gaia, oso unibertsala da, eta askotan galduta egoten gara harremanekin, horrek dakartzan gora -beherekin...

Nondik dator, 'Erik eta Win' sortzeko ideia? 
Ander eta biok, aspalditik prozesu terapeutiko bat martxan jarri genuen, bakoitzak berea, nahiz eta oso eremu antzekoan izan. Eta horrek gerora eraman gaitu biok psikologia ikastera, masterra egitera... 
Aspaldi, antzerki terapeutiko batzuk egiten genituen, gure taldean, eta orduan ikusten genuen oso interesgarria izan zitekeela, norbere lekukotzatik honelako istorioak kontatzea, jendeak asko enpatizatzen zuelako eta jendea honekin islatzen zelako. Eta orduan, sortu genuen Ez gara Palestinaz ari, duela zazpi bat urte, eta filosofia antzekoa zeukan, hor norberari buruz jarduten genuen gehiago, bakoitzak umetan edukitako esperientziez, eta abar. Urte haietan ezberdina izan zen, oso prekarioa izan zelako dena, ez geneukan zuzendari artisitiko bat... Emanaldi asko egin genituen, eta oso harrera ona eduki zuen. Eta denbora pasa ahala, zerbait kontatzeko geneukala ikusi geneuenean, Erik eta Winekin hasi ginen. 

Zergatik 'Erik eta Win' izena? 
Hasieratik, harreman baten inguruan hitz egiteko asmoa genuen, eta baziren bi errefuxiatu urte askotan, Euskal Herritik kanpora bizi behar izan zutenak, eta elkarrekin. Hauen harremana oso sinbiotizatua zen, azkenean atzerrian bizi ziren, eta ordu asko pasatakoak batera.  Bolada batean, Holandesak izatea tokatu zitzaien, eta beraien burua horrela izendatu zuten, Erik eta Win gisa. Eta ezagutzen genuenez istorio hori, eta gu ere harreman sinbiotizatu batetaz ari ginen. Eta horregatik jari genuen Erik eta Win izena, izenburuak ez zuelako pista haundirik ematen, baina harreman bat islatzen zuen. Egia esan logika askoz gehiagorik gabe, izen hori hautatu genuen, lotura hori zegolako. 

Zer moduzko erantzuna izan du  zuen bertso-antzerkiak?
Ba oso ona, hasieran hainbat herrietan egin genituen emanaldiak eta oso erantzun positiboak jaso genituen. Baina ondoren konfinamendua etorri zen, eta horrek ikuskizuna bertan behera gelditzea ekarri zuen. Hala ere, duela gutxi hasi gara martxan berriro, eta era ezberdin batean, izan ere, Oiartzunen eman genuen emanaldia, kalean, eta oso aberasgarria izan zen. Oso esperientzia polita izan zen, uste genuen emanaldia galdu egingo zela kalean, baina ez zen horrela gertatu. 
Hernanin gaur daukagun emanaldia ere kalean da, guretzako berria da, baina gogoz gaude