«Gaurko egunez ere ateak irekita izango ditugu, beste modu batera bada ere, San Inazio egunaz gozatzeko»

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 31a, 00:00
Menu berezia eskainiko du gaurkoan Saretxok, San Inazio eguna «oroitzeko» asmotan.

San Inazio eguna da gaur, baina Covid-19ak sortutako egoera dela eta, ez da ohiko festarik ospatuko Santa Barbaran. Hala ere, Saretxok ateak irekiko ditu, «San Inazio presente izateko».

Beti izan da oso garrantzitsua uztaileko azken eguna Urumea bailaran, eta Santa Barbaran bereziki. Izan ere, gaur San Inazio eguna da, eta aurten gertatutako osasun alarmaren ondorioz, bertan behera gelditu da ospakizuna. Hori horrela, ez dira herri kirolak egingo, ez da Santa Barbarara bidea girotuko duen trikitixarik izango. Hala ere, «San Inazio eguna presente izateko, beste modu batera bada ere», Saretxo Jatetxeak ateak irekita izango ditu, «mendi buelta egiten dutenei hamaiketakoa emateko, eta eguraldiaz gozatu nahi duenak, terrazan bazkaltzeko».

Saretxo Jatetxeak jakinarazi du, pena haundiarekin hartu zutela San Inazio eguna bertan behera gelditzen zela entzutea. «Oso festa berezia da San Inazio eguna. Goizean esnatzen zara, eta mendi buelta egiten duzu, herri kirolak ikusten dituzu... Familiarekin zein lagunekin igarotzeko eguna da, eta jai giro paregabea egoten da urtero. Tamalez aurtengoa ez da hain berezia izango, baina guk zerbait egin nahi genuen».

Azken finean, aipatu moduan, oso egun berezia izaten da gaurkoa: «guretzat ere hain da garrantzitsua egun hau, pena haundiarekin gaudela festak egingo ez direlako; baina irtenbide bat eman diogu, festak ez ahazteko, nolabait».

 

Horrela, festak presente izateko, eta San Inazio egunaz beste modu batera gozatzeko, Saretxo irekita egongo da, bai hamaiketakoak emateko, baita bazkatzeko ere, «menu bereziak» prestatu baititu, hileko azken egunerako. «Modu honetan, nahi dugu jakitea hemen gaudela, eta nahiz eta San Inazioak bere horretan ez ospatu, egunaz goza daitekeela, Saretxon edo inguruan».

Ez da trikitilaririk izango aurtengoan Saretxon: «urtero egoten dira trikitia jotzen hemen, eta terraza girotzen, baina gaur ez da musikarik izango. Segurtasuna bermatze aldera hartu dugu erabaki hau; izan ere, musikak, festa giroa erakarriko du, eta distantziak ez dira mantenduko, normala den bezala».

Menu berezia, gaurko eguna ospatzeko

Saretxok menu berezia sortu du gaurko, festak ezin badira egin ere, «ez ahazteko San Inazio eguna dela, gu ere hemen gaudela eta noski, ohitura ez galtzeko». Beraz, gaurko eguna beste modu batera gozatzeko aukera eskaini du Saretxok, sortu duen menu bereziarekin: «jada erreserba dexente dauzkagu, eta espero dugu jende gehiago etortzea», azaldu dute.

Menua, hiru platerez osatutakoa da: lehenengoa, entsalada berezi bat, eta arroza almeja eta langostinoekin; bigarrena, berriz, txekor karrilerak eta hegaluzea; eta hirugarrena, postrea. «Pantxineta jarri dugu berrikuntza moduan, baina beste hainbat postre ere aukeran daude». Jakinarazi dute, menuak 25 eta 30 euro bitarteko prezioa izango duela. Gainera, «prebentzio neurriak erabiliko dira herritarren segurtasuna bermatzeko». Eta Saretxok gonbitea luzatu du: «etorri eta goza dezagun San Inazio egunaz»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!