KORONABIRUSA

PCR froga guztiek negatibo eman ondoren Oarso kaleko eraikina isolamendutik irten zen atzo goizean

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 30a, 00:00
Etxebizitzako balkoi batzuk Elkano kalera begira daude.

Egindako 35 testek eman dute negatibo eta orain, isolatuta, berrogeialdia positibo eman zuten bi familiek bete beharko dute. Beste bizilagun guztiak kalera irten daitezke eta atzo ohiko bizitzara bueltatu ziren.

Hernaniko Udalak 22 etxebizitzako eraikinean ezarritako isolamendua kendu zuen atzo goizean, egindako 35 PCR testetan ez baizuten COVID-19 kasurik atzeman, bizilagunen artean. Blokea isolatu egin zuten bi familiak positibo eman ostean, eta berrogeialdia bete beharko dute horiek. Beste guztiak irteteko baimena dute.
Udalak jakinarazi zuenez, «atzo  bizilagunei egindako froga guztiak negatibo eman dutenez, eraikina dagoeneko ez dago isolatuta».
Isolamendu egoeran egun oso bat igaro ostean, emaitza negatiboak izan ziren atzo goizeko lehen orduan, eta horri esker etxebizitza-bloke horren konfinamendua altxatu ahal izan zen bizilagunen lasaitasunarentzako. 

Hernaniko lehen fokua, baina atzo positiborik ez
Esti Aldeiturriaga Hernaniko alkateordeak adierazi zuenez, Udalak astelehenean 20:30ak aldera izan zuen egoeraren berri, Osasun Saila Udalarekin harremanetan jarri zenean, «etxebizitza batean kasu positibo batzuk zeudela eta eraikina konfinatu behar zela baieztatzeko». Bloke horretako bi familia ziren, positibo eman zutenak.
Aldeiturriagak zehaztu zuenez, jakinarazpen horren ostean, Udaltzaingoa eta Babes Zibila «Osasun Sailarekin koordinatuta jarri ziren eta eraikina konfinatu zuten», bizilagunei egingo zitzaizkien PCR testen emaitzak jaso arte. Herrian eta bailaran egon den lehendabiziko fokua izan da, baina blokean ez da gehiagora joan eta kontrolpean dagoela dirudi. 
Atzo argitaratu zen txostenean Hernanin ez zen positiborik egon. Gipuzkoan 46ra igo dira. Horietatik 14 Eibarren, bederatzi Donostian, sei Arrasaten eta bost Zarautzen. 
Bizkaian 62 positibo atzeman dira, gehienak Bilbo eta inguruko herrietan. Araban 13 positibo berri daude eta horietatik 12 hiribiruan. Beraz, guztira EAEn 123 batu dira eta Nafarroan kasuak 39ra jaitsi dira, atzo baino hiru gutxiago. Hala ere, ospitalizatuta 37 daude eta bakarra UCIn. EAEn UCIn lau pertsona daude.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!