Emanaldia

'Erik eta Win' bertso antzerkia larunbatean, Atsegindegin

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 29a, 00:00

Uda Hernanin egitarauan 20:00etarako dago iragarrita eta ekitaldia doakoa izan arren gonbidapenak eskuratu behar dira Biterin.

Uda Hernanin 2020 Programazioa uztailean jarri da martxan herritarren erantzun onarekin eta larunbata honetan, abuztuak 1, Erik eta win bertso-antzerkia dago iragarrita Atsegindegin, 20:00etan hasita. 
Buhameak taldeak eskaintzen du eta bertan, Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariak abesten aritzen dira. Imanol Kamiok pianoa eta eskusoinuarekin laguntzen die eta Aitor Atxegak  gitarrarekin. 
Oraingoan ere, bertso doinuak erabiliko dira, baina bestelako doinuak ere gehitu dituzte: buleria bat edo son kubatarra, adibidez. Horrez gain, abesteko modua ere asko zaindu izana azpimarratu dute, eta kantu bakoitzak bere koreografia izango du. Horrela, kantua, poesia, bertsoa, antzerkia eta musika uztartu dituzte.

Gonbidapenak lortzeko, 09:00etatik 14:00etara
Antolakuntzatik gogoratu nahi dute emankizuna doakoa dela, baina aldez aurretik gonbidapenak eskuratu behar dira Biterin 09:00etatik 14:00etara. Hurrengo astean Maria Berasarte. Lurra eta bidea musika emanaldia eskainiko da.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!