Koronabirusa

Oarso kaleko etxebizitza-bloke bat konfinatu dute, bertan positibo batzuk agertu ondoren

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 29a, 00:00
Oarso kaleko bloke bat dago konfinatua hainbat kasu positibo agertu eta gero.

18 familiek atzo egin zituzten PCR frogak eta gaurko emaitzen zain egon beharko dute bertan konfinatuta kalera irten baino lehen. Hernanin zortzi positibo berri egon dira azken astean.

Orain arte bailarako herriak COVID-19-aren infekzio-foku izatetik kanpo zeuden, baina pasa den asteburuan foku txiki bat agertu da Hernaniko Oarso (Oiartzu) kalean. Horrexegatik etxebizitza bloke bat konfinatu zuten asteleheneko azken orduetan, bi familiako kideek positibo eman ostean. 
Neurria indarrean egongo da, 18 familietako kideek atzo egin zituzten PCR frogak negatiboak izan arte. Goizean hasi ziren frogak egiten eta gaur goizean zehar jakingo dituzte emaitzak. 
Iturriek baieztatu zutenez, asteleheneko azken orduan azaldu zitzaien egoera familiei; eta goizean zehar PCRak egin zituzten 6garren zenbakiko 18 etxebizitzetan kutsatze berriak baztertzeko. Bi etxebizitzetan aurretik egin zituzten eta beste bi hutsak daude une honetan. SMS bidez iritsiko zaie mezua negatibo ematen dutenei eta zuzenean telefonora deituko zaie positibo ematen dutenei.
Hernaniko Udalak lasaitasunez eta arduraz jokatzeko deia egiten die herritarrei, egoera profesionalen esku baitago eta beharren arabera informatuta eta hartu beharreko neurriak jakinaraziko baitzaizkie ohiko bideetatik.

Zazpi positibo aurreko astean eta horietatik bost asteburuan
Azken astean, Hernanin zazpi positibo egon dira koronabirus frogetan, baina ostegunetik, eta, bereziki, larunbata eta igandean, bost kasu berri atzeman zituzten. Atzo ere beste positibo bat agertu zen eta beraz, zortzi dira guztira bost egunetan eta zazpi azken lau egunetan. 
Gipuzkoan, 35 positibo berri agertu dira azken egunean eta horietatik 16 Eibarren eta 11 Donostian zenbatu dira. Eibarreko fokoa oraindik ere ez dago kontrolpean eta Donostian agertutako positiboek Osasun Saila arduratzen dute. Euskal Autonomi Erkidegoan 130 positibo atzeman dira eta horietatik 85 Bizkaian. Nafarroan atzo 42 positibo berri egon ziren. 

Euskal Herriko egoera okerrena da Europan, Aragoi eta Kataluiniaren ondoren
Hernanin gertatu dena, Euskal Herrian eta Espainian azken bi-hiru asteetan gertatzen ari denaren islada besterik ez da. Europa guztiko datu okerrenak dituzte Espainian eta Estatuaren barruan Euskal Autonomi Erkidegoan eta Nafarroan kutsatuen datuak txarrenetakoak dira.  Azken bi asteetan, 100.000 biztanleko 47 kasu pilatu dira Espainian. Nafarroan 136 pilatu dira eta Aragoi da datu okerragoak dituen bakarra. EAEn 66 pilatu dira 100.000 biztanleko eta horrek sailkapen horretan laugarren kokatzen du Aragoi, Nafarroa eta Kataluiniaren atzetik. Madril da ondorengoa, baina 28an dago. Ekainaren erdialdetik uztailaren hasiera arte 10etik behera mantendu zen Estatuan.
Europako beste herrialde haundi batzuekin alderatuz gero, egoera kezkagarria ikus daiteke: Frantzia eta Erresuma Batua ez dira 15era iristen, eta Italia eta Alemania 10etik behera daude.  

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!