22 sari banatu dira aurten 'Bota Bertsoa' bertso paper lehiaketa desberdin, baina arrakastatsuan

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 28a, 00:00
Xabier Aguado ordiziarrak bideo orijinalenaren saria irabazi du.

Konfinamenduaren aurrean e-postaz bidaltzeko aukera ere izan da aurten eta inoiz baino bertso gehiago jaso dira horrela. 100 bertso inguru bildu dituzte aurtengo lehiaketan eta sarituek aurrez aurreko emanaldiaren faltan bideoa egin dute.

Aurten, Dobera Euskara Elkarteak eta Iraulio Panttalone Bertso Kabiyak elkarlanean, 6garren urtez antolatu dute Bota Bertsoa! bertso paperen lehiaketa txikia.
Parte-hartzaileek, sagardorik ez balego? gaiari erantzunez osatu dituzte bertsoak. Urtero bezala, bertsoak Hernani eta inguruko sagardotegietan zeuden kaxetan bota dira (konfinamenduaren aurretik) eta e-postaz bidaltzeko aukera ere izan da maiatza bitarte eta inoiz baino bertso gehiago jaso dira horrela.
Sagardotegi denboraldi berezi hau laburra eta zaila izan bada ere, 100 bertso inguru jaso dituzte aurtengo lehiaketan. Horregatik, Doberatik «eskerrak eman nahi dizkiegu parte-hartzaile eta sagardotegi guztiei».

Saridunei bertsoa bideoan grabatzeko eskatu zaie eta orijinalenaren saria irabazi du Xabier Aguado ordiziarrak
Aurreko urteetan, lehiaketaren sari banaketa, Biteri Kultur Etxean egin izan ohi da bertso emanaldiarekin lagunduta. Aurten, bizi den osasun egoera dela eta, ez da aurrez-aurreko emanaldirik egingo. «Hala ere, saridunei bertsoa bideoan grabatzeko eskatu diegu». Ikusi nahi? Egin klik hemen: https://labur.eus/Rar2Y
Bideoa egitera animatzeko, saridunekin beste lehiaketa txiki bat sortu da eta bideo orijinalenari ere saria eman zaio. Lehiaketa berri honetako irabazlea, Xabier Aguado ordiziarra izan da. Aguadok, lehen aipatutako sariaz gain, Ipintza sagardotegiko kaxa 1 sagardo ere jasoko du.
Hala ere, bideo mordoxka izan dira saria ere merezi zutenak…

Euskeraren erabileran eragina giro euskalduna sortuz
Egitasmo honekin, sagardotegietan giro euskalduna sortu nahi da, euskeraren erabileran eraginez. Bertsoaren eta sagardogintzaren arteko harreman estua berreskuratu nahi da, euskal kultura sustatuz eta indartuz.
22 sagardotegik hartu dute parte egitasmoan: Hernaniko; Alberro, Altzueta, Akarregi, Goiko Lastola, Iparragirre, Itxas-Buru, Larre Gain, Olaizola, Otsua-enea, Rufino eta Zelaia. Astigarragako; Astarbe, Gurutzeta, Ipintza, Lizeaga, Oialume Zar, Oyarbide, Petritegi, Rezola eta Roxario. Eta Urnietako, Setien. Sariak ez dira nolanahikoak izan. Irabazleek sagardo kaxak, otorduak eta Dobera Euskara Elkarteko produktu xortak eraman dituzte. Sagardotegiek beraiek jarri dituzte sagardo kaxak eta otorduak ere bertan egiteko aukera dago.

SARIAK

Serbiletan idatzitakoa: Izaro Otxoa-Ixkineko 5ak.

Txermenaren omenezkoa: Telmo Deun Zumaia.

Eleganteena: Martin Altuna.

Umeek sinatutakoa: Nile, Nile, Asier, Eñaut, Mikele eta Sara.

Letra onena: Xabier Aguado.

Errimarik ez balego: Julen Garcia.

Doinu erabilienari+euskalkia: Alaitz

Orijinalena: Libe Aranburu eta Aitor Altuna.

Langileena: Beñat Garaio.

Metaforikoena: Koldo Olazabal.

Erantzun biziena: Julen Iparragirre.

Deskriptiboena: Harritxu Muxika.

Ilustrazio onena: Garazi Urdangarin.

Txirrita eta Pernandoi omenaldia: Axier Conde.

Konforma errezena: Oihan.

9 puntuko onena: Unai Ormaetxea.

Txukunena: Ugaitz Otaño.

Sakonena: Patxi Xabier Aduriz.

Peloteroena: Xabier Gutierrez-Lekeitioko Arraun Elkartea.

Sensibleena: Iñigo Legorburu.

Bidaiariena: Iñaki Iglesias.

Gai eguneratuena: Nora Hadi Bastida.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!