Zenbaki borobila du, Amher elkarteak argitaratzen duen Kaixo! aldizkariak. Egun hauetan argitaratu dute ale berria, 2020 urteko bigarren hiruhilekoari dagokiona; eta 50garren zenbakia da hau.
Zortzi orrialdetan, Amherreko kideek bildu dituzte azkeneko hilabeteotako hainbat bizipen eta ekintza; eta baita beste zenbait gai interesgarri ere.
Horrela, nola ez, konfinamenduak dauka toki nabarmena, eta elkarteko zenbait kidek nola bizi duten kontatu dute aldizkarian; besteak beste, telefonoz eskainitako euskera eta gaztelera klaseak, edota CD Hernanik elkarteko zenbait kideri egindako elkarrizketa, Gure artean ibiliak saioan. Atzerritartasun Legeari buruzko artikulu bat ere osatu dute, Erresistentzia Kutxa ekimenari egin diote tokia, eta Aita Camara zenarekin gogoratu dira. Santa Barbarara egindako irteera baten kronika ere jaso dute aldizkarian.
Irakurgai, interneten
Aldizkaria irakurri nahi duenak, eskuragarri dauka interneten, labur.eus/P08Z2 helbidean, edota albiste honen bukaeran atxikita dagoen dokumentuan. Irakurketaz gozatzera animatu dituzte herritarrak.