Astearte goizean atxilotu zuen Itxaso Zaldua preso ohia, Espainiako Poliziak, Hernanin bertan. Eta horren aurrean, bere ikuspuntua helarazi nahi izan du Hernaniko Gazte Asanbladak ere: «atxiloketa hau salatu, Itxasoren berehalako askatasuna exijitu, eta besarkada estu bat bidali nahi dizkiegu Itxasori, bere senitartekoei eta lagunei. Eutsi Itxaso, zurekin gaude».
Gazte Asanbladaren ustez, «horrelako adierazpen errepresiboek, Estatu frantziar eta espainiar burgesen izaera erreakzionarioa berresteaz gain, nabarmen uzten dute Euskal Herrian 2020 urtean ezin dugula bakeaz hitz egin, bakerik ez dagoelako». Eta nabarmendu du, «klase borroka» dela politika: «interes kontrajarrien talka, hain zuzen ere. Eta ederki islatzen da interesen arteko talka hori, Euskal Herrian».
Gazte Asanbladaren iritziz, «bakearen ulerkera idealizatu eta despolitizatuaren aurrean, askatasunaren kontzeptua mahaigaineratzeko beharra dago. Guk argi daukagu, borroka forma berriak berrasmatzea dagokigula, baina kontrajarriak diren interes horien arteko talkak jarraitzen duen bitartean, errepresioak ere bere horretan jarraituko du; hau da, euskal herri langilea zapaltzen jarraituko dute», adierazi du.
«Borroka izango da, argitasuna erakutsiko duen bide bakarra»
Zentzu horretan, Gazte Asanbladak uste du, gatazkarekin jarraitu nahi dutela Estatuek: «makinaria errepresibo erraldoi baten erakusle diren Estatuek, eta horiek gu zapaltzeko hartzen dituzten erabaki eta moduek, era argian erakusten dute, gatazka mantentzeko duten borondatea eta beharra. Eta horren aurrean, garbi dakagu borroka izango dela, argitasuna erakutsiko duen bide bakarra».
Hori horrela, Gazte Asanbladaren iritziz, «askatasun politikoen gauzapenaren aldeko borroka da euskal militanteoi dagokiguna. Eta horren baitan, berebiziko garrantzia duen kontzeptua eta aldarria da amnistiarena. Gaur-gaurkoz, oraindik ere, pertinentzia duen aldarria da hau. Izan ere, euskal preso politikoak borrokara eraman zituzten arrazoiak, Euskal Herriaren askapen soziala eta nazionala, ebatzi eta lortugabeak diraute». Horregatik diote, ez dutela amore emango, «Euskal Estatu Sozialistaren errealizazioa lortu arte; alegia, euskal preso politikoak Euskal Herri libre batean gurekin egon arte».
Azkenik, Hernaniko Gazte Asanbladak deia luzatu die herritar guztiei, datozen egunetan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko.