Orain bi aste egindako galdeketa baten berri eman du Hernaniko Ernaik, herriko gazteen artean zabaldutakoa, «COVID-19aren eta horrek eragindako krisiaren ondorioak ezagutzeko». Horrela, dio erantzun ugari jaso dituztela: «eta guztiak aztertu ondoren, esan dezakegu egoera politiko eta sozial esanguratsu baten aurrean gaudela».
«Lehenik eta behin, aipatzekoa da konfinamenduak gazteen erdiari baino gehiagori eragin dizkiola aldaketak zaintza lanetan; eta gehiengoak uste du, zaintza lan hauek feminizatuta daudela, horretarako baliabide falta izan dutela gehituz. Hala ere, oso modu positiboan baloratu dute, ia denek, egoera honi aurre egiteko herrian sortu den zaintza sarea; eta krisialdiaren ondoren jarraipena izatea babestu dute», azaldu du Hernaniko Ernaik.
Hezkuntza eta enplegua ere jorratu dituzte galdeketa horretan. «Ikasleen gehiengoa ondo egokitu ahal izan da online eman diren klaseetara, nahiz eta ez diren kontutan hartu ikasle askoren egoerak, eta ikasle gehienak aurkitu dira planifikazio kaxkar baten aurrean. Hezkuntza sistemak, orokorrean, gaitasun eza erakutsi du, horrelako arazoei erantzuteko». Gazte langileei dagokienez, berriz, Hernaniko Ernaik adierazi du «gehienek» ikusten dutela «haien etorkizun laborala kolokan, horrek dakartzan desegonkortze eta ondorioekin». Eta dio, «argi» ikusi dela, gazteria «bereziki kolpatua» izaten ari den sektorea dela: «diru sarreren murrizketa, kaleratzeak eta alor guztietako prekarietatearen areagotzea bezalako ondorioak jasan beharko ditugu».
«Krisi sozioekonomikoa jarri nahiko dute gazte eta langileon bizkarren gainean»
Hernaniko Ernaik nabarmendu du, horrela, osasun krisiak «bestelako krisiak» ere azaleratu dituela; «eta datorren krisi sozioekonomikoa ere, jarri nahiko dute gazte eta langileon bizkarren gainean. Galdetegian, entzun ahal izan dugu gazte ezberdinen ahotsa, eta etorkizun beltz honen aurrean, gazteok ahotsa izango gara. Krisi sozioekonomiko hau ez du Koronabirusak sortu, kapitalismo heteropatriarkalak baizik. Sistema bera dago krisian, eta bi aukera daude: krisia langileok edo kapitalak ordaintzea. Guk argi daukagu! Krisia aberatsek ordaindu dezaten, gazteok lehen lerrora!», aldarrikatu du.