«Mundu osoko benetako pandemia da indarkeria matxista, eta Hernani ere ez dago horretatik libre»

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 26a, 00:00

Herrian «orain arte isildutako erasoen» berri izan duela eta, adierazpena zabaldu nahi izan du Elkarrekin Podemos-Orain Hernani udal taldeak.

COVID-19aren pandemia bizi dugun une honetan, «beste pandemia» batekin gogoratzeko deia luzatu du Elkarrekin Podemos-Ora­in Hernani udal taldeak, adierazpen baten bitartez. «Oso une zailak bizitzen ari gara COVID-19aren pandemia honekin; ia ezer jakin gabe, asko hitz egi­ten da horretaz. Baina bada beste pandemia bat, eta horri buruz asko dakigu, baina ez da horrenbeste hitz egiten, eta ez da behar adina ikusarazten: emakume­en­ganako indarkeria, ema­kume izate hutsagatik», adie­razi du.

Gaineratu du, «mundu osoko benetako pandemia» dela indarkeria matxista: «eta Hernani ez dago horretatik libre. Azken hilabeteotan, Hernaniko emakumeen aurkako ustezko erasoen berri izan dugu; orain arte isildutako erasoak. Ziur askoz ere gehiago izan direla, baina ez da horietaz hitz egin, eta ez da hitz egingo».

«Beldurra eta zurrumurruak», bi pandemia horien arteko «faktore komunak»

Zentzu horretan, Orain Hernanik uste du «hainbat faktore ko­mun» daudela pandemiaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren artean: «aurrenekoa, beldurra. Beldurrak geldiarazi egiten gaitu, blokeatu, ez digu argi pentsatzen uzten. Batez ere, erasotzailea edo erasotzaileak gure familiakoak edo ingurukoak direnean, eta ez direnean ezezagunak guretzat».

Bi pandemien arteko beste faktore komun bat ere aipatu du Elkarrekin Podemos-Orain Hernanik: «zurrumurruak sortzea, ezjakintasunaren ondorioz, be­harrei erantzutea zailtzen dutenak. Beraz, premiazkoa da egia ezagutzea eta ez ezkutatzea», nabarmendu du udal taldeak.

«Kontzientziak piztu eta beldurra desagerrarazteko erantzukizuna daukagu»

Hori horrela, Orain Hernanik dio, gizarte gisa lan egin behar dela, horrelako gertaerak berriro gertatu ez daitezen: «kontzientziak piztu eta beldurra desagerrarazteko erantzukizuna daukagu», nabarmendu du.

Eta gaineratu du: «borrokatu dezagun emakumeenganako biktimizazio bikoitzaren aurka. Fokua erasotzailearen gainean jarri behar da. Erantzukizunik gabeko erasorik ez».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!