«Gimenez Abaden hilketan parte hartu ote zuen argitzea da Zalduaren atxiloketaren helburua»

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 25a, 00:00

Udal Gobernu Taldearen adierazpenaren kontra azaldu da Hernaniko PSE-EE: «atxiloketa ez dijoa demokrazia eta askatasunaren bidearen kontra».

Asteartean Itxaso Zaldua hernaniarra atxilotu zutela eta, adierazpena zabaldu zuen Hernaniko Udal Gobernu Taldeak. Eta adierazpen horren kontra azal­du da Hernaniko PSE-EE. Alderdi sozialistak nabarmendu du, Zalduaren atxiloketa ez dela «demokraziaren eta askatasunaren alde hasitako bidearen kontrako eraso bat», eta ezta «mendeku-politika» bat ere, «Udal Gobernu Taldeak adierazi duen bezala».

Zentzu horretan, argitu du: «Itxaso Zalduak zigorra bete zu­en Frantzian, talde terrorista bateko kide izateagatik, eta ezin da berriro epaitua izan ETAkide izateagatik; baina bai argitu behar duela, bere ustezko partehartzea Manuel Gimenez Abad Aragoiko PPren presidente zenaren hilketan, haren semeak Zaldua bera identifikatu ondoren. Izan ere, ekintza terrorista hura epaitu gabe dago oraindik. Atxiloketa honen helburu bakarra, da justizia egitea, 19 urteren ondoren», nabarmendu du Ricardo Crespok, Hernaniko PSE-EEren bozeramaileak.

2001 urtean hil zuten Gimenez Abad, Zaragozan, La Romareda futbol zelaira zijoala, bere semearekin partidu bat ikustera. Hilketa horren harira prozesatu du Itxaso Zaldua, Espainiako Auzitegi Nazionalak.

«EH Bilduk beste behin erakutsi du, noren alde dagoen»

Crespok adierazi du, era berean, Udal Gobernuaren adierazpena­rekin, EH Bilduk «beste behin» erakutsi duela «noren alde» da­goen: «EH Bilduk benetan nahi badu eraiki bakea eta elkarbizitza oinarri izango dituen eszenatoki bat, hasi dadila adierazpenik ez egiten biktimarioen alde, eta gaitzetsi ditzala behingoz ETAren hilketak, eta babes ditzala biktimak». Garai berrien alde lan egiteko gonbitea ere luzatu du, sozialisten bozeramaileak: «arrazoiaren garaia, eta ez indarrarena; bakearen kulturarena, eta ez biolentziarena; eta terrorismoaren biktima guztien duintasunaren garaia».

Azkenik, Crespok adierazi du bakea eta elkarbizitza eraikitzen direla «biktimek, berezi­ki terrorismoarenek, duten es­kubidearekin, egia, justizia eta erre­pa­ra­ziorako. Beraiek ez zu­ten aukeratu biktima izatea, eta jasan behar duten min ikaragarriarekin ere, ez dute izan mendeku gogorik; ETAk erahil zituen horien duintasunaren eta memoriaren alde bakarrik ari dira borrokan. Bakearen eta el­karbizitzaren eszenatoki berriaren oinarriak, ezin dira izan in­punitatea eta gertatutakoa ahaz­tea», adierazi du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!