Udala

Premiazko Plenoko puntu bakarra, onartuta

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 23a, 00:00

2010 eta 2011ko bi dekretu berrikusteko prozedura ebazteko egin zuten premiazko Plenoa, asteartean. 

Hasiera batean aurreikusita ez bazegoen ere, Plenoa egin zuen Hernaniko Udalak asteartean, ezohikoa eta premiazkoa. Izan ere, ostiralean iritsi zen gai bati erantzuna eman behar zioten, berandu baino lehen.

1997tik datorren gai bat izan zuten esku artean, Martindegiko bide baten ingurukoa. Familia batek obrak egin zituen, ustez publikoa zen bide horretan; eta urte batzuetara, beste familia batek kexa aurkeztu zion Udalari, obra haiengatik. Ho­rren aurrean, Udalak eskatu zuen bidea hasierako egoerara bueltatzea, dekretu bidez. 

Obrak egin zituen familiak, baina, dekretuak berrikusteko eskatu zuen, eta adierazi zuen, bidea pribatua zela. Auzitegietara iritsi zen gaia, eta sententziak adierazi zuen, pribatua zela bidea, udal inbentarioko akats bat tarteko; eta 2010eko uztailaren 21ean eta 2011ko abuztuaren 10ean emandako dekretuak baliogabetzea eskatu zion Udalari.

«Horretarako, aholku juridikoa eskatu behar zaio Eusko Jaurlaritzari, eta hala egin genuen. Ostiralean bertan iritsi zen txostena, eta falta zen Plenoak adostea, prozedura ebaztea», azaldu zuen Xabier Lertxundi alkateak.

EH Bildu, EAJ eta PSE-EEren botoekin onartu zuten prozedura ebaztea, eta abstenitu egin zen Orain Hernani. Dekretuak eman ziren garaian, ez zegoen Hernaniko Udalean.

Horrekin, ikasturtea agurtu zuen Plenoak, abuztuan ez baita osoko bilkurarik izango. Irailean egingo dute hurrengoa. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!