Dobera

Abuztuko Udaleku Irekiak, bertan behera

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 23a, 00:00

Eusko Jaurlaritzaren aginduari jarraituz, udalekurik ez egitea erabaki du Dobera Euskara Elkarteak. Dirua bueltatuko zaie, izena eman dutenei. 

Udara berezi honetako nobedadea ziren, Abuztuko Udaleku Irekiak, Dobera Euskara Elkarteak antolatuta. Baina azkenean, ez dute horietaz gozatzerik izango, gaztetxoek: bertan behera uztea erabaki dute, Eusko Jaurlaritzak emandako aginduari jarraituz.

«Izugarrizko pena ematen digu, bigarren aldiz albiste hau eman behar izateak; zoritxarrez, badakigulako zein diren ego­era honetan kaltetuenak, gure txikiak eta gazteak», azaldu dute Doberatik. Izan ere, Udaleku Ibil­tariak bertan behera utzi ondo­ren, Abuztuko Udaleku Irekiak antolatu zituen Doberak, baina horiek ere ezin izango dituzte egin, azkenean: «bagenekien aukera bazegoela bertan behera utzi behar izateko, Koronabirusaren pandemiagatik bete beharreko neurriengatik. Eta lanean ari ginen baldintza guztiak betetzeko, udalekuak antolatzerakoan. Bai­na azkenean, ez da posible izan».

Eskerrak, izena eman dutenei eta lankidetzan aritutakoei

Izena eman zutenei, dirua bueltatuko die Doberak, eta egun hauetan jarriko dira haiekin harremanetan, posta elektronikoz, datuak eskatu eta izenematearen zenbatekoa bueltatzeko.

«Eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen. Eskerrik asko, beste behin guregan konfiantza erakutsi duzuen guztioi; izena eman duzuenoi, eta lankidetza­rako prest azaldu zareten Hernaniko elkarteoi. Espero dugu elkar ikusiko dugula, datorren udan, edo ikasturtean zehar», na­barmendu du Doberak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!