Euskal preso eta iheslarien aldeko hiru eguneko ekimena antolatu du Sarek, eta gaur emango zaio hasiera. Etzi amaituko da, hiru eguneko itzuli hau «Euskal Herriko espetxeetatik irten eta gure herriko hiriburuetan amaituko dugu, etxean».
Aurtengoa gainera, berezia izango dela jakinarazi dute, izan ere, Covid-19ak eragindako egoera dela eta, «zenbait oztopori egin behar izan diegu aurre: Hiru hilabete igaro behar izan dituzte senideek bisitarik gabe. Hiru hilabete luze izan dira, zeinetan haurrak ezin izan duten euren gurasoekin bisitarik izan. Denbora guzti horretan ezjakintasuna eta ziurgabetasuna izan dira nagusi senide eta presoei dagokionean, baita espetxeetan dagoen gabezia higieniko eta masifikazioaren ondorioz, beldurra ere. Hori nahikoa ez balitz, urruntze politikak gauzak are zailago eta gogorragoak bilakatzea ekarri du. Gainera, astebururo 28.047 kilometro egiten dituzte guztira senide eta lagunek, eskualde osoan. Hernanitik, esaterako, 18.177 kilometro egiten dituzte. Eta 13 motxiladun haur daude, 3.540 kilometro egiten dituztenak. Orain, bisitak berreskuratu ostean, senideek berriro ere ehunka eta milaka kilometro egin behar dituzte, pandemia oraindik indarrean den honetan, bizia errepidean arriskatuz. Gaur, Lekunberritik Hernanira».
«Astebururo 28.047 kilometro egiten dituzte senide eta lagunek, eskualde osoan. Hernanitik, 18.177kilometro egiten dituzte. Eta 13 motxiladun haurrek, 3.540 kilometro egiten dituzte»
12:30etan Txantxilatik hasita, Hernanin bizikleta itzulia
Gaur emango zaio hasiera Sarek antolatutako bizikleta itzuliari, eta 42 kilometro egingo dituzte parte hartzaileek, Lekunberritik Hernaniraino etorriz. 12:30etan jarri dute hitzordua, Txantxilako errotondan, eta hortik hasita, Hernanin zehar bizikleta itzulia ere egingo da, honako ibilbidea eginez: Txantxilatik behera, Elkano kalea, Urbieta kalea, Zinkoeneatik Latsunbe kalera, ertzainen errotondatik Txillida pasealekua, Sagastialdetik floridako elizara, Florida kalean gora, Karmelo Labaka, Zinkoenea, Kale Nagusia, Gudarien Plaza, Andrekale, Plaza Berri, Urbieta eta azkenik, Atsegindegi. Bertan egingo baita, amaierako ekitaldia.
Parte hartzeko gonbitea, herritarrei
Sarek, herritarrak parte hartzera gonbidatu nahi ditu, «bizikleta hartu eta gurekin batera bidea egitera animatu nahi zaituztegu, guztion artean kilometroak egiten jarrai dezagun, eta preso eta iheslarien etxerako bidea eta euskal jendartearen elkarbizitzarako eta bakerako bidea egiten jarraitu nahi dugulako». Bizikleta itzulian izena emateko: www.sare.eus.