Itxaso Zaldua preso ohia atxilotu zuen Espainiako Poliziak atzo, Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 22a, 00:00

Auzitegi Nazionalaren aginduz atxilotu zuten hernaniarra, 2001eko Manuel Gimenez Abaden hilketarekin zerikusia duelakoan.

Itxaso Zaldua preso ohia atxilotu zuen Espainiako Poliziak atzo goizean, Hernanin, CAF enpresara lanera zijoala. Dirudienez, Espainiako Auzitegi Nazionalak eman zuen hernaniarra atxilotzeko agindua, auzi berri bat ireki baitio, Manuel Gimenez Abaden hilketarekin zerikusia izan zuelakoan. 2001 urtean hil zuen ETAk Gimenez Abad, Aragoioko PPren presidentea. Santiago Pedraz epaileak zuzendu du hernaniarraren kontrako operazioa. Joan den urtean, Mikel Karrera euskal presoa auzipetu zuen, be­ra izan zelakoan Gimenez Abad hil zuen tiroaren egilea.

Madrilera eraman dute Zaldua, epailearen aurrera; baina ez daukate inkomunikatuta. Gaur pasako da epailearen aurretik.

Atxiloketa salatzeko eta hernaniarra aske uztea eskatzeko, manifestazioa egin zuten atzo arratsaldean Hernanin, Plazatik abiatuta, Sarek deituta. Sortuk, bestalde, adie­razi zuen «bakearen eta as­­­ka­tasunaren alde egindako hau­­tua oztopatzen» jarraitzen du­­tela, eta «espetxeak husteko ga­raia» dela, «ez betetzen jarraitzekoa». Eta EH Bilduk, ildo beretik, nabarmendu zuen: «horrelako atxiloketek ez daukate lekurik Euskal Herrian». CAFeko LAB sail sindikalak ere eskatu du Zaldua «berehala askatu dezatela»; eta ordubeteko lanuztea egitera deitu ditu enpresako lan­gileak, gaur 10:00etan.

2005ean atxilotu zuten Zaldua Lannemezanen, ETAko kidea izatea egotzita; eta 18 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. 2017an geratu zen aske, zigorra bete ondoren.

Batzar informatiboa gaur, Sarek deituta

Itxaso Zalduaren egoeraren berri emateko, batzar informatiboa antolatu du Hernaniko Sare Herritarrak, gaur arratsaldeko 20:00etan, Plazan. Bertaratzera animatu dituzte herritar guztiak.

Hauxe da, atzoko manifestazioaren ondoren, Sarek irakurri zuten testua:

«Gaur hemen batzen gaituena, iraganera lotutako gertakaria da, sufrimendua sortu eta mendekatzea baino helburu ez duen gertakaria. Gaur goizean jakin dugunez, Poliza espainiarrak Itxaso atxilotu du, inongo azalpen ez eta zitaziorik gabe, zer dela eta eraman duten jakin gabe.

Itxasok 12 urte baino gehiago egin ditu preso frantziako espetxeetan, ezarritako zigor aski baino gehiago betea du beraz. Gaurko atxiloketa bakearen eta konponbidearen bidean atzerapauso argia dela salatu nahi dugu. Erabaki honek iraganean ainguratutako justizia baten jokabidea islatzen du eta azken urteetan euskal jendarteak, hala nola, euskal instituzio, eragile, sindikatu eta alderdi politikoek adierazitako konponbide nahia zapuztera dator; auzi honi aterabidea emateko ordua da, ez korapilo berriak sortu eta sufrimendua areagotzekoa.

Ulertezina zaigu, herri gisa aurrera urratsak ematen ari garen honetan, gehiengoaren nahia urteetako sufrimendu eta minak gainditu eta aurrera egitea denean, oraindik ere, atzera begira eta gorrotoak eta mendekuak bultzatuta mugitzen den gobernu baten jarrera. Nori egiten dio mesede min honek? Aski da! Nahikoa da! Itxaso askatu!

Saretik, egoera hau gogor salatzen dugu eta jaio ginenetik ditugun konpromisoetan berresten garela adierazi nahi dugu; bakea, bizikidetza eta konponbidea. Eta euskal preso eta iheslarien etxeratze prozesua abian jarri eta muturreraino eramatea. Horregatik, gaurkoan ere, guztiok bide horren parte izatera gonbidatu nahi zaituztegu; izan gaitezen bidea, Itxaso eta injustizia honen jomugan dauden guztien etxerako bidea eta herri honen bakerako eta elkarbizitzarako bidea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!