COVID-19

Eguneko zentroa ixtea, eta udalekuak bertan behera gelditzea erabaki du Hernaniko Udalak

Lide Rekondo Urkia 2020ko uzt. 20a, 00:00

Egoerak behartuta, eguneko zentroa «itxita egongo da momentuz eta agindu berriak jaso bitartean».

Larunbatean Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoen egoitzetan irteerak murriztea eta eguneko zentroak eta udalekuak ixtea erabaki zuen eta Hernaniko Udalak bat egin du ezarritako neurriekin. 

Pasa den asteburuan, Osasun sailak, eta hiru Foru Aldundiek, «eguneko zentroak eta udalekuak aldi baterako ixtea eskatu zuten». Eta Hernaniko Udalak, bat egin du, berehala aplikatutako erabakiekin eta «hainbat zerbitzuetan aldaketa batzuk izango dira».

Udaleku irekiak eta kirol udalekuak, bertan behera
Gaurtik aurrera, bertan behera geldituko dira Hernaniko udaleku ireki zein kirol udalekuak. Eta Udalak jakinarazi du, parte hartzaileen familiarteko bakoitzari komunikatuko zaiola erabaki hau. 
Udalekuez gain, eguneko zentroan ere neurriak ezarri dituzte, izan ere, larunbatean, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen zuen «Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoen egoitzetan irteerak murriztea eta eguneko zentroak ixtea». Horrekin bat eginez, Hernaniko Udalak, atzo eguneko zentroa ixteko agindua eman zuen, eta azaldu dute «agindua bezain laister, bertako erabiltzaileak etxeratu» egin zirela. 

Adineko Egoitzan ere, neurriak
Adineko egoitzan bizi diren pertsonek «ezingo dute kalera atera» azaldu du Udalak, momentuz eta agindu berriak jaso bitartean. Familiartekoen bisitei dagokienez, bisitak, «hurbileko pertsona bakar batengana mugatzen dira, beti bera izanik, ekainaren 30eko foru aginduan adierazitako segurtasun neurriei eutsiz». 
Hala ere, Hernaniko Udalak argitu nahi izan du, aipatutako zerbitzuetan ez dela positibo kasurik izan, «Osasun sailak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako hartutako erabakiak direlako hartu ditugu neurri hauek». Halaber, herritarrei zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko eskatu du Udalak, «birusaren hedapena sahieste aldera».   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!