«Muxu eta besarkadarik gabe, ezin da hain maiteak ditugun Kaxkoko festez disfrutatu»

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 16a, 00:00
Koronabirusak eragindako osasun alarma dela eta, Maitere Minerrek (ezkerretik bigarrena) jarraituko du aurten ere, Kaxkoko alkate izaten.

Bizi izan dugun pandemiak eraginda, Urumea bailarako herri zein auzoetako festak bertan behera gelditu dira, eta horixe bera gertatu da Kaxkoan, «hain maiteak» diren Karmen Jaiekin.

Gaur ez da urteroko Kaxkoko hildakoen omenezko meza egingo, eta goizeko 09:30etan egiten den dianak ez du Kaxkoa esnatuko; COVID-19ak sortutako egoera medio, ez baitira Karmen Jaiak ospatuko. Kaxkoko alkateak, eta Kaxko elkarteko hainbat kidek, haien «tristura, sentipenak eta buruhausteak» kontatu dizkiote Kronikari.
Uztailaren 16a izaten da Karmen eguna, eta gaur, 25 urte betetzen dira, Karmengo jaiak berrabiarazi zituztenetik, Hernaniko Kaxkoan. Elkartekoek, «tristura haundia» dutela adierazi dute; izan ere, «beti izan dira Karmen Jaiak oso bereziak, batez ere pertsona adindu eta helduentzat. Asko disfrutatzen dute, eta oso giro polita eta sanoa sortzen da». Parte hartze haundia izaten da urtero Kaxkoko jaietan; gainera, «jendeak asko kolaboratzen du, eta hori eskertzekoa da».
Baina aurten, Koronabirusak eragindako osasun alarma dela eta, Karmen Jaiak bertan behera uztea erabaki zuten Kaxkoko elkartekoek: «jai hauetan, gainera, helduak gara gehienok, eta pandemia honetan arrisku gehien pertsona helduek daukate. Beraz, jaiak ez egitea erabaki genuen, jende pilaketak saihestuz, eta denon segurtasuna bermatzeko, gehienbat. Ez dugu sardin-jaterik egingo, ezta bazkaririk ere. Azken batean, 120 pertsona biltzen gara urtero bazkari baten bueltan, eta aurtengoan ezin gara arriskatu halakorik egitera». Argi utzi dute beraz, Kaxko elkartekoek, ez dituztela ekintzak antolatuko. Eta horrekin batera, jakinarazi dute alkate berdinak jarraituko duela auzoko aginte makilarekin, beste urtebetez: «ez dugu alkatetza aldatuko, horrek dakarrenagatik. Jendea hurbilduko litzateke, eta pilaketak ekar ditzake». Hori dela eta, datorren urtera arte Maitere Minerrek jarraituko du alkate izaten, eta datorren urte­an, «egoera hobetzen bada», al­kate berria izandatuko dute.

«Aurten, Karmen Jaien 25garren urteurrena zen, hala ere datorren urtean, indar haundiagoz hartuko ditugu festak, eta ekintza berezi bat egingo dugu 25garren urteurrena ospatzeko, seguruenik»


Alkatea izendatzeaz gain, ur­tero egiten dira omenaldi ezberdinak, baina aurtengo egoe­rak behartuta, datorren urtean egingo dituzte omenaldi eta ekin­tzak: «hori espero dugu be­hin­tzat, eta gogo haundiz gaine­ra». Junkal Dorronsoro Kaxkoko lehendakariak aipatu du, gaine­ra, hurbileko festak direla Kar­men Jaiak: «bizilagunekiko ger­­­tu­tasun bat sortu da hasieratik, denok elkarlanean, festa ede­­rrak sortzen ditugu. Eta Kaxkoari, izugarrizko bizitza ematen dio Karmen egunak, eta jen­­dearen inplikazio eta gogoak. Tris­tura haundiarekin esan die­gu ezetz festei, baina egoerak hala behartu du, eta Kaxko elkar­tekoek hainbat bilera egin ostean, ikusi genuen, ezingo genituela ezarritako protokolo eta segurtasun neurri guztiak bete. Azkenean, muxurik eta besarkadarik gabeko Karmenak, ez dira betikoak izango, eta horretarako nahiago dugu, hurrengo urtera arte itxaron, eta modu ezin hobean ospatu».
Jakinarazi dute, festen aurretik lehenetsi dutela herritarren osasuna, eta datorren urteari begira, urte honetan ospatu ez den 25garren urteurrena ere ospatuko dutela: «omenaldi eta ekintzez gain, zerbait berezia prestatuko dugu, ziurrenik».

«Jende ugarik laguntzen du
Karmen eguna antolatzen, eta horrek bizilagunekiko gerutatusa ere ematen digu. Guzti haiei eskerrak eman nahi dizkiegu, hainbeste laguntzeagatik»

«Eskerrik asko, orain arteko laguntzagatik»
Elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkie orain arte laguntzen egon diren guztiei, eta Karmen Jaien parte izan direnei. «Dato­rren urtean indar gehiagorekin itzuliko gara, eta behar den moduan ospatuko ditugu, hain maiteak ditugun Karmen Jaiak», nabarmendu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!