Presoak

Hiru eguneko bizikleta itzulia antolatu du Sarek, eta datorren ostegunean pasako da Txantxilla auzotik

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 15a, 00:00
Sareko kideak, Andoainen bildu ziren astelehenean, bizikleta itzuliaren aurkezpena egiteko.

Euskal preso eta iheslarien aldeko hiru eguneko ekimena antolatu du Sarek,  datorren ostegunean hasita. «Uztailaren 25ean antolatu dugun azken etapa Euskal Herriko espetxeetatik irten eta gure herriko hiriburuetan amaituko dugu, etxean».

Uztailaren 23an, 24ean eta 25ean izango da aurtengo bizikleta itzulia, Sarek antolatzen duen hirugarrena. Aurtengoa ordea, «edizio berezia izango da», adierazi dute Joxean Barandiaran eta Ixiar Arteaga Sareko kideek. Izan ere, COVID-19a dela eta zenbait oztopori egin behar izan diete aurre itzulia prestazeko, eta segurtasun neurri bereziak ere hartu behar izan dituzte.

Lekunberritik Hernanira, Nafarroa eta Gipuzkoa batuz

2020ko bizikleta itzulia hiru egunetan egingo diren etapa ezberdinek osatuko dute. Ostegunean pasako da Hernanitik, Lekunberritik hasitako martxa. Bertatik 09:00etan abiatuko dira, eta Hernanira 12:30ak aldera iritxiko dira, Txantxillara. 

Ostiraleko etapa Urduñatik Durangorako martxa izango da, Araba eta Bizkaia lotuz. Eta azkenik, larunbatean lau etapa egingo ditutzte, Euskal Herrian dauden lau espetxeetatik hiriburuetara: Zaballa-Gasteiz, Basauri-Bilbo, Iruñeko espetxea eta Martutene-Donostia. 

«Aurtengoa bereziki urte gogorra izaten ari da»

Sareko kideek adierazi dute aurtengoa urtea zaila izaten ari dela, «bai senide eta baita preso dauden Euskal Herritarrentzat ere».  Koronabirusa dela eta hiru hilabete igaro behar izan dituzte senideek bisitarik gabe.

Senide eta presoek ez dute elkar ikusteko aukerik izan, pandemia garaian. «Hiru hilabete luze izan dira, zeinetan haurrek ezin izan duten euren gurasoekin bisitarik izan», esan dute.

Gainera, astebururo 28.047­km­ egiten dituzte guztira senide eta lagunek, eskualde osoan. Hernanitik, esaterako, 18.177km egiten dituzte.  Eta 13 motxiladun haur daude, 3.540km egiten dituztenak. 

Hala ere, «sufrimenduzko egoera hau pairatzen 40 urte daramatze, eta COVID-19ak are ageriagoan utzi du politika honek dakartzan oztopoak eta sufrimendua euskal presoak euren bizilekutik gertu egotearen beharra», gehitu nahi izan dute. 

Horregatik, maiatzean aurkeztu zuten Izan Bidea ekimenaren baitan antolatu dute ekimena: «preso eta iheslarien etxerako bidea eta euskal jendartearen elkarbizitzarako eta bakerako bidea egiten jarraitu nahi dugulako», zehaztu dute Sareko kideek. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!