Bederatzi film labur eta Beñat Iturriotzekin solasaldia, etzidamu

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 13a, 00:00
'Gau beltza' film laburraren irudi bat. Laburbiran egongo da ikusgai, ostegunean.

Laburbira antolatu du Doberak, 18:30etan Biterin. Hernaniarrak zuzendua da filmetako bat: 'Gau Beltza'.

Ohi baino beranduago, baina aur­ten ere ez du hutsik egingo La­burbirak, Hernanin. Dobera Euskara Elkarteak antolatuta, ostegun honetan izango da Biterin, arratsaldeko 18:30etan hasita, Euskerazko film laburren XVII. zirkuitua. Hasiera batean, martxoaren 25ean egitekoa zen, baina atzeratu egin zen, Koronabirusaren eraginez.

Bederatzi film labur eskainiko dituzte, eta solasaldia ere antolatu du Doberak, film horietako baten zuzendariarekin: Beñat Iturriotz hernaniarrarekin, hain justu. Gau beltza film laburra da berak zuzendutakoa, eta etzidamu ikusgai egongo dena, Laburbiran.

Honakoak dira, jarriko di­tuz­­ten beste zor­tzi filmak eta ho­rien egileak: Urak dakarrena (Marilin Taldea), Anti (Josu Martinez), Tigre bat (Amaia San Sebastian), Pil pil (Kristina Zorita), Mamarro (Ibon Iza Totorika), Ka­teak (Yolanda Mazkiaran), Jauzi bat eta prixt (Maitane Eyheramonho), eta Harria herria (Dimegaz Kultur Elkartea).

2018 eta 2020 urteen artean egindakoak dira, «sortzaile gazteenak gehienak, eta esperientzia luzeko zuzendarienak beste batzuk», azaldu dute. Guztira, ordubeteko «koktela» osatu dute ostegunerako, «kalitatezkoa eta dibertigarria, euskerazko film laburren zaleei merezi duten gozatua emateko».

Doberak gogorarazi du, bi hel­buru dituela, Euskaltzaleen Topa­gunearekin batera antola­tzen duen saioak: «euskerazko sortzaileen lana eza­gutaraztea, euskeraz ekoizten jarraitu dezaten aukera zabalduz; eta ikusleak hemen eta euskeraz sortutako lan hauekin gozaraztea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!