358.500 euroko gastua egin dute herritarrek, herriko komertzioetan

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 11a, 00:00

50 euroko 5.294 bonu saldu dira guztira, hau da, guztira 358.500 euroko gastua egin dute hernanierrek herriko merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan, Udalak martxan jarritako 'eutsihernaniri' kanpainari esker.

Aurreko hilabetean, eutsihernaniri kanpaina jarri zuen abian Hernaniko Udalak, Berriak merkatarien eta ostalarien elkartearekin elkarlanean, Covid-19ak eragindako ondorio kaltegarrien aurrean, bertako merkataritza eta ostalaritzari «laguntzeko eta bultzada bat emateko».  Behin kanpaina amaituta, balorazioa egin du Udalak, eta jakinarazi du «erosketa bonuen kanpaina arrakasta haundiz amaitu» dela.
Kanpaina honetan, Hernaniko biztanle guztiek izan dute aukera parte hartzeko, «helduek zein adin txikikoek», kanpainara atxikitu diren herriko 153 negozioetan «ekaina osoan gastatzeko».
Hernaniko Udalak dio, «oso erantzun ona izan dela herritarrena». Hala, 50 euroko 5.294 bonu saldu dira guztira. Bonuen salmentarik haundiena lehenengo egunetan egin zen arren, Udalak azaldu du, «lehenengo astean, 2.381 bonu saldu zirela,  gainera salmentaren erritmoa hilabete osoan mantendu da», eta honakoa gaineratu du: «kanpainaren azken txanpan 400dik gorako bonu saldu ziren».
Balorazio positiboa atera du Udalak, eta dio emaitza ona dela; «erosketa bonuetan 261.610 euro mugatu diren arren, bonuekin egin diren erosketen fakturak ikusita, 358.421 euroko gastua egin du kanpainak»
Sektoreei dagokienez, bonuen inpakturik haundiena, «elikagaiak, oinetakoak, arropa eta osagarriak, estetika eta ileapaindegiak, eta elektrotresnen dendetan eta ostalaritzan» izan duela jakinarazi nahi izan du Udalak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!