«Sekula ez dugu bizi horrelako itxiera potenterik, ez gure aiton amonek ez gurasoek»

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 11a, 00:00
Eztitxu Barrenetxea Oialume Biltokian.

1943garren urtean ireki zituen ateak Oialume Biltokiak igandetako dantzaldietarako, eta orduz geroztik ez dituzte hain tarte luzerako itxi. Urrian berriro ere martxan jartzea espero dute.

Duela 77 urte sortu zen Oialume Biltokia, Jose de Juanantone 'Patas' eta Felix Orkolakua sasoiko gazteen arteko pultsu-apustu baten ondoren. Egun horretarako festa Barrenetxea familiak antolatu zuen eta Markos Zubeldia soinujole hernaniarrak girotu zuen eguna. Ordutik Barrenetxetarrek daramakite Biltokiko antolakuntza, eta diote hau izan dela Biltokiak bizi izan duen egoera berezienetarikoa.
Horregatik, «kolpe latza» izan da pandemiarena, baina udazkenean dantzalekua zabaltzea espero dute. Indartsu bueltatuko dira, gainera: «gure aldetik ahalegina egingo dugu. Irekitzeko aukera ikusten badugu, bertan indargunea jarri eta gu prest!», esan du Eztitxu Barrenetxeak.

«Ahulaldi haundi bat bezala bizi genuen musika taldeen gainbehera»
Musika «modak» direla dio Barrenetxeak eta azaldu du Biltokia irekita dagoenetik egoerara egokitzen joan behar izan dutela. «Beti egon izan da musikan zehar trantsizioa eta hasieran eskusoinua bakarrik zegoen, baina gero jazbana eta bateria sartu ziren, eta hor eman zen aldaketa potoloa».
Beste aldaketa haundi bat 80garren hamarkadan eman zen Oialumen, «euskal rock-a sartu zenean», azaldu du Biltokiko arduradunak. «Eta berdina gertatu da erromeri taldeetatik DJetarako fasea aldatu dugunean», onartu du: «moda aldaketak gertatzen dira».
Pandemiaren kasuan, ez- -ohikoa den zerbait izan da, eta «inork espero ez zuena»; hilabeteak eman ditu itxita Oialumek osasun larrialdi egoeragatik. Hasieran jendeak ea noiz irekiko ote zuten galdetzen zien, baina gero ikusi zuten «ezinezkoa zela berriro ere irekitzea».
Hala ere, kontatu dute musikak aldaketa eman zuen garaiean eman zela dantzalekuko dekadentzia haundienetariko bat: «denboraldia ezin izan genuen bukatu, jendea ez zelako etortzen». Dio, ahulaldia bizi zuten garai hartan «DJak eta horrelako musika berria» sartu zela, eta funtzionatu zuela.
«Baina guri kosta egin zitzaigun aldaketa hori ematea, erresistentzi puntu bat genuelako musika enlatatu horri», azaldu du Barrenetxeak. «Zuzeneko musika egon izan da beti Oialumen eta oraindik horren aldeko indarra egiten dugu».

Zenbait ekitaldi atzeratu, eta beste batzuk bertan behera
Dantzalekuak bazituen aldez aurretik programatutako saio batzuk, etxean egon garen hilabete guzti hauetarako. «Bagenituen zenbait diskofesta, bertso- -saio potente bat eta kontzertu bat». Baina larrialdi egoera hasi zenean arduradunek argi izan zuten arduraz jokatu behar zutela, eta «hasieratik hartu genuen konpromezua eta zalantzarik gabe itxi genuen», azaldu du.

«Momentuan momentuko egoerak erakutsiko digu zer baldintza bete, zer egoeratan gauden eta zer egiteko aukera izango dugun»

Horregatik, ekitaldi bat urtarrilera atzeratu da, baina gehiengoak bertan behera gelditu dira. «Etorriko dira, baina ez dago gure esku zer gertatuko den». Dantzalekuko denboraldia, urritik ekainera bitartean izaten da Oialumen. Barrenetxeak azaldu du «orain ez dugu planteatzen irekitzerik, baina datorren denboraldian bai». Urrian irekiko dituzte ateak berriro ere, «egoerak uzten badu».
Plangintzarako ideiak dituztela azaldu dute, baina momentuak erakutsiko die zer egin: «alperrikakoa da orain programazioak hastea, gero beste pikoren bat egongo bada». Erabakiak momentuan hartuko dituzte Oialumekoek, «zaila delako» hemendik hilabete batzuetara zer gertatuko den aurreikustea. «Harreman batzuk baditugu zenbait talderekin, baina beraiek ere berdin daude», esan dute Barrenetxeatarrek.
Oialume irekiz gero, momentuak esango digu zer neurri hartu behar ditugun. Eta begiratu beharko dugu ere irekitzeak konpentsatzen duen. Neurriak hartu behar dira, baina dena baloratuko da: konpentsatzen duen ala ez.
«Azkeneko denboraldiak oso ondo joan dira», eta datorrenak ere berdin jarraitzea espero dute dantzalekukoek.

«Hezur-haragizko sare sozial moduko bat da Oialume, zerbait berezia»

«Oialume Biltokiak badu fenomeno berezi bat»
Musika estiloa aldatu arren, jende estiloa edo publikoa antzekoa omen da beti, Biltokian: «herri ezberdinetatik etortzen den jende euskalduna da; hemen bilgune bat eta elkar ezagutzeko leku bat topatzen dute. Gu euskal jendearekin eta herriko jendearekin beti gustora sentitu gara eta zorionez orain galdezka daude ea noiz irekiko dugun», esan du Barrenetxeak. «Pozik gaude jendearen erantzunarekin».

Dantzaleku bat baino gehiago
Historia luzea du Oialumeko Biltokiak. Barrenetxea familiak lehenengo festa hura antolatu zuenetik hamaika istorio eta anekdota dituzte.
Kontatzen dute, hasieran eltze eta zartagin asko jartzen zituztela sutan bertara hurbiltzen ziren gazteei ogitartekoak prestatzeko: «Horietako mutil asko Loiolan soldadutza egiten ari ziren eta neskak probintziatik Donostiara etorri eta tabernetan, jatetxetan, dendatan edo etxetan neskame zeudenak ziren».
Igandeak bereziak izaten ziren inguruko herritarrentzat. Arratsaldeko lauetan Oialumera gerturatu bezain pronto, zapatak erantzi eta alpargatak janzten zituzten, «sueltoan dantzatzeko», gaueko hamarrak arte. Bestelako garaiak ziren eta horregatik, ez zegoen dantzalekura sartzeko sarrerarik ez eta errifarik.
Garai hartan dantzalekua ordaintzeko modua ere berezia zen. Oilaskoak zozketatzen ziren dantzaldietan, eta tarteka arkumeak, baita ere. Zozketetatik ateratako diruarekin ordaintzen zuten antolatutako festa guztia.

'Kostaldeko soinuak', urrian
Ander Barrenetxea Oialume Biltokiko familiakoa da eta bertan ibiltzen da, ekitaldiak antolatzen. Baina dantzalekuko arduradunetako bat izatez gain, musikaria ere bada, Barrenetxea.
Kostaldeko Soinuak proiektu berria aurkeztu zuen Juan Mari Beltran, Errege Belda eta Aitor Gabilondorekin. Herri-musikan oinarrituko diska da, baina bertsio propio eta berriak ere egiten dituzte.
Apirilaren 17an kontzertua ematekoak ziren Hernanin, baina pandemiak galarazi egin zien agerraldia egitea. Hala ere, aurrerago egingo dutela ziurtatu dute: «egoerak uzten badu, apirilerako programatua genuen kontzertua urrian egingo dugu», adierazi du musikariak.
Barrenetxea eta gainontzeko taldekideak Oiartzungo Soinuenea musika museoan biltzen dira entseatzeko, baina duela gutxi aurkezten hasi ziren proiektuari jarraipena emateko ezin izan dute biltzen jarraitu, taldekoek.
«Hasieran ezin genuen toki batetik bestera mugitu», azaldu du Barrenetxeak. Izan ere, taldekide batzuk hernaniarrak dira, baina Belda errenteriarra da eta horregatik, entseatzeko biltzea oraindik eta zailagoa izan zitzaiten. Hala ere, «museoa ireki denean entseatzen hasi gara». esan du. Horrela, urrian bada ere, hernaniarrek «itsasaldeko kantutegian oinarritutako pro - iektuaz» gozatzeko aukera izango dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!