MENDIRIZ MENDI

Bi eguneko irteera Belaguan, kontrabandisten bideetatik

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 9a, 00:00
Paraje ederretan barrena ibiliko dira, bi egunetan. Argazkia: Txe Zuza

Asteburuko irteera antolatu du Mendiriz Mendik, uztailaren 18 eta 19rako. Izena emateko epea zabalik dago, elkartean.

Asteburu osorako irteera antolatu du Mendiriz Mendi elkarteak, uztailaren 18 eta 19rako. Belagua bailarara joango dira, eta bi ibilbide osatuko dituzte, garai batean kontrabandistek erabiltzen zituzten bideetatik.
Larunbat eguerdian abiatuko dira autobusean, Atsegindegitik, 13:00etan. Eta behin Belaguara iritsita, egun horretan bertan egingo dute aurreneko ibilbidea: 11 kilometro izango di­ra, 550 metroko desnibelarekin. Bi ordu eta 45 minututan osatzea aurreikusi dute.
Igandean, berriz, 21 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta zortzi ordu inguru beharko dituzte. Izan ere, desnibel haundikoa izango da, 1.100 metrokoa.
Edozein kasutan, zailtasun berezirik gabekoak dira bi ibilbideak, eta nahiko izango da mendiko material arrunta. Bigarren etaparako, hori bai, galtza luzeak eramatea gomendatu dute, jaitsieran zati bat nahiko zikina dagoelako. Mendiko bastoiak har­tzea ere gomendatu dute, eta bai­ta ura ere, bi ibilbideetan ez bai­tago urik, bide osoan.

Izenematea, elkartean
Irteeran parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik, elkartean bertan (Iturregi plaza): astelehen, ostegun eta ostirale­tan, 20:00etatik 21:00etara. Bazkideentzat, 70 euro izango dira; eta bazkide ez direnentzat, 80 euro. Prezioaren barruan daude autobusean bidaia, eta aterpea pentsio erdian.
Autobusean eta aterpean, de­rrigorrezkoa izango da musukoa edo maskarilla eramatea.

Izabatik Santa Engrazira, 
bi egunetan
Premiak bultzatuta eta bizitza baldintza hobeen bila, kontrabandoa izan zen irteenbideetako bat, inguru horietako biztanleentzat: «eguraldi baldintza gogorrak zirenean, bidezidor ez­kutuenak erabiliz, mugen arte­ko merkantzia trukeak egiten zituzten. Gerratik ihes zebiltzanek eta makiek ere jaso zuten haien laguntza, muga zeharkatzeko. Istorio guzti horiek gogoraraziko dizkigute, igaroko ditugun zokoek», azaldu dute.
Aurreneko etapan, Izabako zerrategiaren ondotik abiatuko dira, eta Ardibidegaina gailurra inguratuta, Matiaberroako lepora jaitsiko dira, bertatik Asolaze kanpin aldera joateko. Bigarren etapa, berriz, Belaguako begiratokian hasiko dute. Ipar-mendebaldera eginez, Urdaiteko lepora igoko dira, Nafarroatik Zuberoara igaro eta Ihizkunditzeko lepora igotzen jarraitzeko. Ehujarre arroilaren iturburura iritsiko dira gero, eta arroilaren goiko aldetik egingo dute Santa Engrazira jaitsiera, begiratokitik iga­rota, bista zoragarriekin.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!