Gaur aurkeztuko du 'Donostia rebelde' entsaioa Miguel Usabiagak, Donostian

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 8a, 00:00

Donostiako Liburutegian aurkeztuko du bere azken lana, goizeko 11:00etan; eta igandera arte egongo da liburua, Ediciones Irreverentes argitaletxearen postuan. Rara Avis saria jaso du Usabiagak.

Gaur aurkeztuko du Miguel Usabiaga idazle hernaniarrak, bere azken lana: Donostia rebelde entsaioa. Goizeko 11:00etan izango da aurkezpen ekitaldia, Donostiako Liburutegian (San Jerónimo kalea). Eta igandera arte, Donostiako Liburu Azokan egongo da eskuragarri liburua, Ediciones Irreverentes argitaletxearen postuan.

Egun hauetan ari da izaten Donostiako Liburu Azoka, aurreko astean hasi eta datorren igandera arte, Gipuzkoa Plazan. Ediciones Irreverentes argitaletxeak jarri du postuetako bat, eta bertan aurkeztu du Miguel Usabiaga idazle hernaniarrak, bere az­keneko lana. Postuan izan zen Usabiaga, joan den igandean, irakurleekin solasean eta liburuak sinatzen.

VI. Rara Avis Entsaio Saria jaso du idazle hernaniarrak dagoeneko, Donostia rebelde lanarekin. Bertan bildu ditu, Donostian XX. mendearen aurreneko erdian iraultzaile izan ziren per­­tsona eta tokiak. Irakurtzeko liburu bat eta gida bat da aldi berean, hirian barrena paseatu eta liburuak erakusten diguna ezagutzea ahalbidetzen duena. Usabiagak argitara atera nahi izan ditu pertsonaia batzuk, historiak ahaztu dituenak, baina Donostiaren historian protagonismo haundia izan zutenak: Larrañaga, Asarta, Isasa, Carrera...

Donostiako hainbat mapa ere bildu ditu Usabiagak, berak egindakoak, arkitektoa ere badelako hernaniarra. Eta horietan marka­tu ditu, hiria­ren borroka iraultzailean garran­tzitsu izan ziren guneak.

«Toki horiei eta pertsonaia iraultzaileei buruz daukadan ezagutzak lagundu dit entsaioa idazten, nire aitaren ahotik entzuteko pribilegioa izan nuelako. Errebeldia haren parte izan zen nire aita; Donostiako kaleetatik, mundua aldatu nahi zuten», azaldu du Usabiagak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!