Chillida Leku

Izaroren kontzertua eta 'Trashhhhh!' antzezlana, uztaileko egitarau berezian

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 8a, 00:00

'Iceberg' dantza emanaldiarekin ireki zuten berriro Chillida Leku museoa, pandemiaren ondoren, ekainaren 20an.

Artea, natura, zinea, musika, dantza, yoga eta gastronomia bilduko ditu Chillida Lekuk, udarako ekintza berezietan.

Duela bi aste pasatxo, ekainaren 20an, ireki zituen ateak berriro Chi­llida Leku museoak, dantza emanaldi berezi eta guzti, Myriam Pérezen eta Nagore Lega­rretaren eskutik, udarako solstizioa ospatzeko. Eta orain, udaran, ez du etenik izango Chillida Lekuko jardunak: egitarau berezia prestatu dute, uztailerako eta abuzturako, makina bat emanaldi eta ekintzarekin. Horien artean daude, Izaro Andres abeslariak eskainiko duen kontzertua, hilaren 30ean; eta Zero en Conducta konpainiaren Trashhhhh! antzezlana, 26an.

Ekintza ezberdinen bitartez, Chillida Lekuk bilduko ditu natura, zinea, musika, dantza, yo­ga eta gastronomia. Asmoa da, «bertako jendeari udaraz beste modu batera gozatzeko aukera ugari eskaintzea».

Yoga klaseak, ilunabarrak, gaueko bisitak, zine gauak...

Astero egingo dituzte, ekintza horietako batzuk. Ostiraletan, hasteko, gaueko bisita eta afaria egin ahal izango da, 19:00etan hasita. «Museoa gauez irekiko du­gu, aparteko esperientzia es­kaintzeko», azaldu dute. Eta ondoren, afaria eskainiko diete, Lurra Caféko terrazan.
­Larunbatetan, berriz, zita bi­koitza izango da. Goizetan, has­teko, yoga saioak egingo dituzte, eskulturen artean. Ordubeteko­ak izango dira saioak, 09:00etan hasita, eta ondoren, brunch edo gosaria egingo du­te Lurra Cafén. Gainera, egun oso­rako sarrera librea izango dute gero, parte­hartzaileek. 

Eta larunbat arratsaldetan, Kutxa Kultur Ilunabarrak antolatu dituzte, 19:00etan. «Artea, musika eta gastronomia batuko dira, esperientzia sentsoriala eskaintzeko», azaldu dute. Horrela, 19:00etatik aurrera mu­seoa bisitatu, eta 20:30etan kontzertu batez gozatuko dute ber­ta­ratuek. Eta ondoren, afaria izan­go dute Lurra Cafén.

Zine gauak ere egingo dituzte Chillida Lekun, uztailaren 16, 17, 18 eta 19an. A Contracorriente Films zine-ekoizlearekin elkarlanean, estreinatu berri diren lau film eskainiko dituzte, aire librean. Arratsaldeko 19:00etan irekiko dituzte ateak, museoa bisitatzeko; eta 22:00etan hasiko dira pelikulak.

Izaroren kontzertua, uztailaren 30ean

Hilaren bukaeran izango da Chi­llida Lekuko emanaldi berezie­netako bat. Kontzertua eskaini­ko du Izaro An­­dres abeslariak, museoko zelaian, hilaren 30ean. 20:30etan hasiko da kontzertua, baina 19:00etan sartu ahal izango dute bisitariek, museoa bisitatzeko. Izarok udaran eskainiko dituen sei kontzertu berezietako bat izango da Chillida Lekukoa.

Beste emanaldi berezi bat, Zero en Conducta antzerki konpainiak eskainiko du museoan: Trashhhhh! txotxongilo-ikuskizuna, uztailaren 26an. Espaini­a, Alemania, Italia eta Herberehetan hainbat ema­naldi eskai­nita, Bartzelonako Mercé jaie­ta­rako aukeratu zuten ikus­ki­­zuna, eta kaleko ikus­kizun onenaren saria jaso zuen Haifako Nazioarteko Jaialdian, Israelen. Eguerdiko 12:00etan hasiko da emanaldia, Chillida Lekun.

Izpigramen tailerra eta dantza tailerra, bi hilabeteetan

Bi tailer ere egingo dituzte udaran. Batetik, izpigramen tailerra  eskainiko du Nagore Legarreta argazkilari hernaniarrak, uztai­­laren 18an eta abuztuaren 22an. Goizeko 11:00etan hasita, familia tailerrak dira, 6-12 urteko haurrei zuzenduta, eta eskulturetan argiaren presentziaz jabetzea izango du helburu, teknika primitiboak eta analogikoak era­bilita horretarako.

Eta bestetik, dantza tailerra eskainiko du Myriam Pérezek, uztailaren 25ean eta abuztuaren 29an. Familientzako tailerra izango da, 6-12 urtekoei zuzenduta hori ere. Eta 11:00etan hasita, asmoa izango da Chillidaren eskulturak gorputzarekin sentitu eta berak sortutako espazioak betetzea.

Eta azkenik, abuztuaren 12tik 13rako gauean, izarren behaketa egingo dute, Pertseidak ikusteko, Aranzadiko adituen eskutik. 23:00etatik 03:00etara izango da hori, baina 19:00etan irekiko dute museoa, bisitarako.

Sarrerak, interneten salgai

Jarduera guztietarako sarrerak, internet bidez eskuratu daitezke, museochillidaleku.com web orrian; eta bertan dago guztiei buruzko informazio gehiago ere.

Uztailaren 25eko dantza tailerrerako, eta abuztuaren 22ko izpigramen tailerrerako, Hernaniko udaletxean salduko dituzte sarrera guztiak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!