Jorratutako gai guztiak onartu ziren, asteartean egin zen Plenoan

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 3a, 00:00
Landu diren gai guztiak onartu ziren astearteko Plenoan.

Asteartean bildu zen Hernaniko Udaleko Osoko Bilkura, pleno aretoan; eta landutako gaien artean, bi mozio izan zituzten. Biak onartu ziren, kontrako botorik ere izan zen arren.

Asteartean, ohiko Osoko Bilkura bilera egin zuen Hernaniko Udalak, udaletxeko pleno aretoan. Guztira bederatzi gaiez osatutako gai-zerrenda landu zen, erregu eta galderak barne.

Lehenik, maiatzaren 26 eta ekainaren 11ko aktak onartu zituzten, eta horrekin batera, baita 2020ko 702 eta 817 dekretuak ere. Ondoren, Hernaniko Udalaren Kontu Orokorrari buruz jardun zuten, bertan bi puntu landuz: alde batetik, 2019ko Kontu Orokorraren onarpena onartu zen, Podemosen abstentzioare­kin, eta gainerakoen aldeko bo­toarekin. PSE-EEk jakinarazi zuen, «bai edo bai onartu» be­har zela.

Bestalde, Barne Kon­trolerako txostenari buruz jardun zuten, eta onartutzat eman zen. Hala ere, Andoni Amonarraizek, EAJko bozeramaileak azaldu zuen, «teknika berri bat» jarri beharko litzatekeela martxan, «errepikatzen diren hainbat arazo daudelako»; eta PSE-EEk ere, adostasuna adierazi zuen, «konponbidea aurkitzeko garaia» dela gaineratuz. Xabier Ler­txundi alkateak ados azaldu zen haiek esandakoarekin: «aurreikusita dago, arazo hauei aurre egitea».

2020ko Hernaniko eta Ereñotzuko Toki entitate Txikiko Udal  Plantilla Organikoa, eta lanpostuen zerrendaren aldaketak, izan zen landu zuten beste gai bat. Eta onartutzat eman zuten, sei aldeko boto eta aurkako bostekin. EAJk, Podemosek eta PSE-EEk, aurkako bozkak argudiatu zituzten. PSE-EEk zioen, «oso positiboa» dela balorazioa egin izana: «duela 8 urtetik ez da egin. Hala ere, aurkako bozka emango dugu». Lertxundik bere harridura azaldu zuen, aurkako boto horien aurrean.

Udal Ondasunen Inbentarioaren eguneratzea, aho batez onartu zen, eta ondoren bi mozio aurkeztu zituzten, lehena SOS Arrazakeriak aurkeztutakoa, eta Orain Ardura herritarren ekimenarena.

SOS Arrazakeriak aurkeztutako lehenengo mozioak, etorkinen egungo egoera azaldu zuen, eta haiei dagozkien eskubideak bete daitezen eskatu, besteak beste.  Mozio hori onartu egin zen, aldeko zazpi botorekin eta lau abstentziorekin; EAJren biak eta eta PSE-EEren beste biak. Plenoan aurkeztutako bigarren mozioa, Orain Ardura herritarren ekimenari buruzkoa izan zen, eta hau ere onartu egin zen. Bertan, Abiadura Handiko Trenaren inguruko hausnarketa egin zuten, eta eskatu zuten «AHTan inbertituko den diru hori, Covid-19ak eragin duen krisiaren ondorioetara bideratzea», hain zuzen ere.

Erregu eta galderetan, hainbat gai landu ziren; hala nola, indarkeria sexisten aurrean Her­nanik nola jokatu behar duen, edota Ave Maria parkearen ego­era zein den. Eta azkenik, herritar batek, bere gurasoek garajearekin daukaten arazoa azaldu zuen. Haientzat  «justizia» eskatu, eta dimititzeko eskaera luzatu zion alkateari, konponbiderik ez emateagatik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!