KZ Gunea

Ostegunean hasiko dira KZ Guneak antolatutako uztaileko beste bederatzi zuzeneko hitzaldi, YouTuben

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 29a, 00:00

Goizetan eta arratsaldetan urruneko hitzaldiak antolatu dituzte eta askotariko gaiak landuko dira bertan, euskaraz eta gaztelaniaz. 

Harrera ona izan zuten maiatzerako antolatu zituzten zuzeneko hitzaldiek. Horregatik, antolatzaileek ekainean eta uztailean ere urruneko plangintzarekin jarraitzea erabaki dute. 

Horrela, guztira bederatzi saiotan banatu dute hilabete honetako egitaraua. «Hitzaldi berri batzuk egiteko asmoa dugu, goizez zein arratsaldez», azaldu dute antolatzaileek.

 Aurreko hitzaldietan egin zuten modura, zuzenekoetara joateko interesa dutenek «Interneteko konexioa baino ez dute behar, YouTubeko ekitaldirako sarrera librea izango baita». Hitzaldiak entzuteko ez da izenik eman behar aldez aurretik. Gainera, YouTube KZguneaTIC bidez, hitzaldietara bat egiteko sarbidea ez da konplikatua.

Denetarik ikasteko aukera, bederatzi hitzaldietan

Ostegunetik hasita gai asko landuko dituzte zuzenekoetan. Batez ere teknologia berriekin, zuzeneko konexioekin eta Internetarekin zerikusia duten gaiak jorratuko dituzte. 

Besteen artean, Internet bidezko kontsumo arduratsua landuko dute, Gauzen Interneta zer den azalduko dute, eta Interneten nabigatzeko heziketa eta segurtasuna landuko dituzte. 

Joan den hilabetean zuzeneko hitzaldi gehienak goizez izan ziren, baina uztailean goizetan eta arratsaldetan izango dira. Egun batzuetan 11:00etatik 12:00etara eta beste batzuetan 18:00etatik 19:00etara. 

Hilabete honen plangintzaren lehenengo hitzaldia Erosi etxetik irten gabe izenburupean azalduko da. Kasu honetan gaztelaniaz izango da, arratsaldeko ordutegian. «Hitzaldi honetan online erosketen abantailak eta desabantailak zeintzuk diren ikasiko duzu. Ezagutu ordaintzeko hainbat metodo eta mota guztietako produktuak aurkitzeko dendak», azaldu dute KZ Gunekoek. Hitzaldiak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, txandakatuta.

Bestalde, arduradunek jakinarazi dute  asteartean online bilera egingo dutela. Eta webgunean zuzeneko hitzaldiekin bat egitera animatu dituzte ikus-entzuleak: «Bat egin YouTubeko gure komunitatearekin, eta gozatu gure hitzaldiekin».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!