Udala

Kanpoko jolas igerilekuak asteazkenean irekiko dira eta udako ikastaroetan ere izena eman daiteke oraindik

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 27a, 00:00
Ane Ibarburu eta Esti Aldeiturriaga.

Aforoa 726 lagunentzako da, 246 uretan, eta bi txanda egongo dira: bat 10:00etatik 14:30etara eta bestea arratsaldez 15:30etatik 20:00etara.

Hernaniko jolas igerilekuak asteazkenean zabalduko dira, baina, pandemiarengatik, segurtasun neurri bereziak hartu beharko dira. Horiek guztiak azaldu zituzten atzo Esti Aldeiturriaga eta Ane Ibarburu zinegotziak, igerilekuan bertan. 

Ane Ibarburuk xehetasun batzuk azaldu zituen. «Bi txanda egongo dira, bat goizekoa eta bestea arratsaldekoa. Lehenengo txanda 10:00etatik 14:30etara izango da eta 15:00etarako denak kanpoan behar dute. Bigarren txanda 15:30etatik 20:00etara izango da».
Aforoa murriztu egin da Esti Aldeiturriagak esan zuenez. «726 laguneko aforoa egongo da instalazio osoan (berez 1.500ekoa da) eta uretan 242 lagunekoa. Aforo haundiko egunetan  uretan 20 minutuko txandak egingo dira eta sorosleak abisua ematerakoan denak uretatik irten beharko dira».

Sarrerak txanda bakoitzeko izango dira eta prezioa 18 urtetik beherakoentzat 2,75 euro, 18 urtetik gorakoentzat 3,85 euro, 3 urtetik beherakoentzat 1,35 eta 6 hilabetez beherakoak ez dute ordaindu beharko. Internet bidez erosi daitezke. Eguneko edozein ordutan erosi daitezke eta taldeak kanpotik badatoz ez dira onartuko.

Abonoak soilik kiroldegiko bazkide direnek egin dezakete.

Segurtasun neurriak hartuko dira Aldeiturriagak esan zuenez. «Sartzerakoan eta irteterakoan maskarilla erabili behar da. Sarrera eramatea beharrezkoa da, distantzia eta gel desinfektantea egon eta erabili behar dira. Aldagelak itxita egongo dira, ezin da jaboia erabili, taberna itxita egongo da, txirristak itxita egongo dira, saskibaloi, boleibol eta mahai teniseko materiala etxetik eraman behar da eta lurrean markatutako puntuetan jarri behar da».

Uztailean eta abuztuan aire libreko eta kiroldegiko ikastaroak

Hernaniko Udal kiroldegiak ikastaro aukera zabala eskainiko du uztaila eta abuztuan.
Izenematea zabalik dago bihar arte eta http://kirola.hernani.eus/es/inicio  webgunean edo kiroldegiko bulegoan aurretik hitzordua hartuta egin daiteke (telefonoz deituta hartu behar da hitzordua (943 55 21 85). Zozketa astelehen goizean, 09:00etan egingo da.
Prentsaurrekoan azaldu dute bi zinegotziek aire libreko hiru ikastaro eta kiroldegiko fitness aretoan lau ikastaro izango direla. Ikastaroak hilabetekoak izango dira. 

Aire librekoetan Martxan jarri! ikastaroan ariketa fisikoa taldean egitea da funtsa eta 55-65 urte bitartekoei zuzendua dago. Zirkuitoak aire librean, ikastraoa oinarrizko ezaugarri fisikoak hobetu eta bizitzeko modu osasuntsuak sustatzeko da. 16-65 urte bitartekoentzat dago zuzendua. Hernanin barrena, fisikoki entrenatuak dauden pertsonen taldea eta 18-65 urtekoentzat da. Kiroldegiko fitness aretoan berriz lau ikastaro eskainiko dira: Pilates, zunba, multifitnessa eta hipopresiboak gehi luzaketak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!